Feminismoaren hazia musikaren bidez erein
Egungo eszenan ohikoa ez den taldea da Erein. Beste batzuen artean betiko euskal kantak jotzen badituzte ere, lau neska gaztek osatzen dute, ...
Egungo eszenan ohikoa ez den taldea da Erein. Beste batzuen artean betiko euskal kantak jotzen badituzte ere, lau neska gaztek osatzen dute, eta hori da taldearen berezitasunetako bat. Horrez gain instrumentu ugari jotzen dituzte; saxofoia, ukelelea edota txirula irlandarra, besteak beste. Iaz kontzertu mordoska eman zituzten, eta maiatzean Legazpiko Santikutz jaietan ere izango da haiek entzuteko aukera.
Ane Galartza (Zizurkil, 1998), Malen Urbegain (Legazpi, 1998), Amaiur Irastorza (Hendaia, 1998) eta Lide Alcalde (Beasain, 1998) Euskal filologia ikasketak egiten ari dira Gasteizen, eta horrela ezagutu zuten elkar. Musika ikasketak dituzte laurek, eta hainbat instrumentu jotzen ere badakite. «Modu oso naturalean hasi ginen», argitu du Alcaldek. «Parrandan geundela, arratsalde batean elkartu eta abesti batzuk jotzeko gelditzeko proposamena egin genion elkarri, eta horrela hasi ginen». Arratsalde bateko plana zirudien hartatik ordea, Erein musika taldea sortu zen orain dela urtebete.
Taldearen izenak ere badu zentzu berezia; «Naturan, hazia erein erabili ohi da, eta taldearen izena hortik dator».
Feminismoa aldarri
Erein taldeko laukoteak bere musika eta hitzekin lantzen dituzten gaien artean feminismoa dago. «Ez da kasualitatea taldea lau emakumek osatzea» adierazi du beasaindarrak. Azken finean, «gu laurok oholtza ganean egote hutsa aldarrikapen bat da», Alcaldek nabarmendu duenez. «Oholtzak eremu publikoa irudikatzen du, eta guk osoki hartzen dugu».
Musika lasaia lantzen dute eta publikoa ere emanaldiaren parte aktibo da. Feminismoaren harira, «beharbada, aldarrikapen hori ikusgarriagoa izango litzateke beste musika mota bat eginda, baina hala ere, oholtza gainean laurok egoteak badu bere esanahia».
Etorkizunari begira «bide beretik jarraitzea» da asmoa, «horrela gozatzen» dutelako.