Muruak (Lazkao, 1954) 'Euskal Herritik gertu' ikus-entzunezkoa emango du bihar Legazpiko kultur etxean, 19:30ean. Ikatza argazkilari elkarteko sortzaileetako bat da.Zer ikusiko dute zure emanaldira doazenek?Iaz Euskal Herriko tokiak erakutsi nituen bes...
Muruak (Lazkao, 1954) ‘Euskal Herritik gertu’ ikus-entzunezkoa emango du bihar Legazpiko kultur etxean, 19:30ean. Ikatza argazkilari elkarteko sortzaileetako bat da.
Zer ikusiko dute zure emanaldira doazenek?
Iaz Euskal Herriko tokiak erakutsi nituen beste ikus-entzunezko batean, egun bakarreko joan-etorria eginda ikusi daitezkeenak. Aurtengoan irteera luze-txoagoa eskatzen duten guneak dira, Euskal Herriaren mugan dauden lurraldeetakoak Soria, Huesca, Burgos…. Hemendik toki bakoitzera dagoen kilometro kopurua aipatuko dut. Asteburu pasa joateko moduko irteerak dira.
Paisaiak nagusitzen diren arren, detaileetara joatea ere gustatzen zait. Gehien kostatzen zaidana lana bukatutzat ematea da, beti dago zer zuzendua.
Musikari bereziki erreparatzen diozu zure ikus-entzunezkoetan.
Bai, gehienetan nire emazte Maria Asun Ugartek laguntzen dit musikarekin. Oraingoan, ordea, bakarrik aritu naiz. Dena dela, nire aukeraketek bere oniritzia jaso du. Vangelis eta guretzat oso bereziak diren beste musika pieza batzuk jarri dizkiot.
Nolatan hasi zinen argazkilaritzan?
Gure aitak afizioa zeukan. Soldaduskan ibilia zen, ez zituen, baina, argazkiak sekula errebelatu. Ni autodidakta izan nintzen, liburuen bitartez ikasi nuen eta errebelatzen hasi nintzenean etxean errieta egiten zidaten, zertarako horrenbeste paper?
Ikatza elkartearen sorreran ibili zinen.
Elkartea ofizialki 1980ean sortu genuen. Aurretik, hala ere, bizpahiru urtez elkartu ginen argazki zaleak. Oraindik kultur etxerik ez zegoen Legazpin. Izadi Zaleak mendizale elkartearen bueltako jendea ginen. Garai hartan, mendizaleak ziren argazkilari gehienak eta diapositibak kanpora bidaltzen zituzten errebelatzera. Gu, Julian Auzmendi eta biok, errebelatzen hasi ginen. Etxean sortu genituen laborategiak; nik komun batean eta Auzmendi etxeko korridorean ibiltzen zen, gauez.
Ikatza egun dagoen egoitzan sortu genuen eta bi laborategi ipini genituen. Kreditu bat eskatu genuen inbertsioa finantzatzeko. Ikatzak antolatutako lehenengo ikastaroan 40 lagun egon ginen eta, gerora, 70 bazkide izan ginen. Denboraren poderioz jendea joan eta etorri egin da, baina zenbakiak ez dira asko aldatu. Egun 80 bazkide gara.
Ikatzako logotipoko silueta…
Neu naiz.