Beasaingo Maddi Aiestaran bertsolari gazteak Gipuzkoako eskola arteko bertsolari txapelketako finala jokatuko du gaur, Lasturren. Lehenengo biak sailkatuko dira Euskal Herrikorako.
Gipuzkoako Eskolarteko bertsolari txapelketako finala jokatuko da gaur Debako (Gipuzkoa) Lastur auzoko Arruan Haundi baserrian, 20:00etan hasita. Maddi Aiestaran (Beasain, 2001) ariko da kantuan, Imanol Albizu, Haizea Arana, Uxue Alkorta, Aner Peritz, Oihana Arana, Aitor Tatiegi eta Oihana Labianorekin batera. Lehehengo biek eskuratuko dute Euskal Herrikoa jokatzeko txartela.
Lehenengo aldiz izango zara Gipuzkoako Eskolarteko txapelketaren finalean.
Hirugarren urtez hartu dut parte Eskolartekoan, baina aurten lortu dut lehenbizikoz finalerako txartela. Anoetako kanporaketan kantatu nuen, martxoaren 16an, eta zuzenean pasa nintzen finalera, saioa irabazita. Oso harro nago egindako lanarekin. Finala Lasturren izango da, bertako aterpetxean, eta jarraian, asteburuan zehar bertan egingo den egonaldiaz gozatzeko aukera izango dugu zortzi finalistok.
Zein helbururekin joango zara?
Egindako lanarekin gustura geratzea da nire helburu nagusia. Gainerako zazpi finalistek ere maila handia dute, eta entzuleek gozatzeko adinako saioa osatuko dugu, seguru. Nolanahi ere, behin honaino iritsita, txapeldun geratzea da gauero amesten dudana.
Zein lan mota egin beharko duzue? Zenbat bertso osatu beharko dituzue?
Lau oinak emanda, zortziko handian eta zortziko txikian ofizio bana, puntu-erantzuna eta bakarka gaia emanda izango dira burutu beharreko ariketak. Guztira zazpi bertso puntuagarri kantatu beharko ditugu bakoitzak.
Prestaketa berezirik egin duzu?
Ez, ez dut prestaketa berezirik egin, bertso-eskolako asteroko jardunaz aparte. Bertsoa pentsatzeko igarotako denbora murrizteari jarri diot arreta gehien, horixe baita gehien kezkatzen nauena. Bestela, ariketa guztiak landu ditut, ez dut bereziki bakarra prestatu.
Bertsolari izateko bidean, plaza garrantzitsua da.
Dudarik gabe. Plaza oro da aberasgarria bertsolari izatera iristeko, baina final batean kantatzeko aukerak beti du xarma berezi bat. Barru-barrutik kantatu eta ahal bezain lanik txukunena egitera joango naiz, neroni gustura geratzeko moduko saioa egin dezadan.
Txapelketa nagusian beasaindar bat, eta eskolartekoan zu. Transmisio lana ondo egin denaren seinale.
Bai. Lan handia egiten da bertso-eskoletan eta horren emaitza agertzen da gero. Ea urte batzuk barru ere transmisio horrek fruituak ematen jarraitzen duen, kostako zaigu baina Aitorrek erakutsi duen mailara iristen!