Iaz abian jarritako formatoari eutsiko diote aurten ere, eta bi eguneko azoka izango da. Gaztagileen azokaz gain, hitzaldiak eta gazta dastaketa ere antolatu dituzte aurreko egunetarako

Gaztazaleek hitzordu garrantzitsua izango dute maiatzaren 5ean eta 6an Idiazabalen, izan ere astebukaera guztian zehar Euskal Gaztaren hiriburu bilakatuko baita herri goierritarra. Izan zuen arrakasta ikusita, pasa den urtean estreinatu zen formatoari jarraituz berriro ere azoka antolatzea pentsatu du Idiazabalgo Udalak.
Bi eguneko azoka izango da berriz ere, maiatzeko lehenengo astebukaeran, eta egun horietarako egitarau oparoa dute prestatuta.
Azoka eta hitzaldiak
Euskal Herri osoko artzain gaztagileak bertaratuko dira, bai iparraldekoak, baita hegoaldekoak ere. Horrez gain, European Cheese Route Associationeko hainbat herritako gaztagileak ere izango dira Idiazabalen.
Aste horretan bertan, maiatzaren 2an, hitzaldi interesgarri bat izango da, arratsaldeko 19:00etan, Idiazabalgo udaletxeko areto nagusian. European Cheese Route Association zer den eta zein helburu dituen azalduko dute bertan. Idiazabalgo Udalak sustaturiko ekimen hori Europako hainbat herrik osatutako sare bat da, gaztaren munduan erreferentzia diren herrien sarea alegia. Momentu honetan, Idiazabalgo Udalak du elkartearen lehendakaritza.
Maiatzaren 4rako, berriz, gazta dastaketa antolatu dute; iluntzean egingo da, plaza nagusian ipiniko den karpan.