Poesia liburu ilustratua idatzi du Antxiñe Mendizabalek
Antxiñe Mendizabal Aranburu idazle zumarragarrak Emakume burugabea poesia liburu ilustratua idatzi du. Protagonista bere gorputza okupatzeko, gorputzarekin pentsatzeko, beharra sentitzen duen emakume bat da. Marrazkiak Iraia Okina Salazar durangarrak egin
Antxiñe Mendizabal Aranburu idazle zumarragarrak Emakume burugabea poesia liburu ilustratua idatzi du. Protagonista bere gorputza okupatzeko, gorputzarekin pentsatzeko, beharra sentitzen duen emakume bat da. Marrazkiak Iraia Okina Salazar durangarrak egin ditu.
Proiektu honen abiapuntuan euskal esaera zahar bat dago: Emazte onak etxea argitzen du. Esaera hori, ezagutu zuenetik, erakargarria iruditu zaio. Baina uko ere egin dio. «Emazte, on, etxe eta argitu hitzak elkarrekin ikusteak, adierazten zutena adierazita, gogaitu egiten ninduen. Baina banuen hitz horien konbinazioarekin beste esanahi bat sortzeko beharra: emakume izateko beharra, etxera itzultzeko beharra eta argitara irteteko beharra. Soberan gelditzen zitzaidan hitz bakarra ona zen».
Izan ere, gure kulturan eta emakumeen esparruan, ontasuna gehiegi erlazionatu da obedientziarekin. «Eta nik uste dut emakumeak ezaugarriren bat badu, errebeldia dela. Lehen, orain eta beti, ukatu, galarazi eta zigortu egin zaigun errebeldia».
Gizonezkoek ez dute errebeldia hori ulertu, ez dute onartu nahi izan, eta eromentzat jo dute. «Emakumea eta burugabea hiztegi askotan elkarren ondoan agertzen diren bi hitz dira. Pentsa, buru nahasketak eragiten omen dituen hego-haizeari andre-haizea esaten zaio. Freudek berak argitu zigun emakumeen gaitzik gehienak neurosiak baino ez direla, sexuaren errepresioaren ondorioz eratorritako neurosiak».
Mendizabalek horrela pentsatzen duten guztiei arrazoia ematen hastea erabaki du. «Badakizue oso arriskutsua dela eroei arrazoia kentzea. Komeni da haiei arrazoia ematea. Beraz, istorio honetako emakumeak zer egiten du? Guztiz kontziente, guztiz ahaltsu, bere buruaz gabetzen da, burua kentzen du».
Gorputzari kasu egin
Zertarako? Behingoz gorputzaren nahiak asetzeko. «Emakume jakintsu bati entzun nion aspaldi emakumeek adin batetik aurrera gorputzarekin pentsatzen ikasi behar dutela, ez buruarekin. Orduan ez nengoen hori ulertzeko adinean».
Bera ere gorputzarekin pentsatzen hasi dela dio. «Ez nuke baieztapen honek ikasgai itxura izaterik nahi. Ez dakit emakume guztien bidea hau den. Nirea izan da eta ezagutzen ditudan lagun bakar batzuk ere horretan ari dira: gorputzarekin ikasten pentsatzen ikasten ari dira. Ni bezala, beren gorputzetik erauziak, arroztuak, hutsik, sentitu izan diren emakumeak dira. Beren etxeetatik erbesteratuak. Eta orain itzuli egin nahi dute».
Gure kulturan eta gizartean buruari merezi ez duen zentralitate bat eman diogula uste du. Eta horrek kalteak eragin ditu. «Gure gorputzari erreparatuta konturatuko gara burua periferian dugula, erdigunea beste nonbait dugula. Eta inork ez dezala pentsa emakumeei normalean egozten zaizkien neurriz kanpoko emozioen eta sentimenduen aldeko aldarrikapena egiten ari naizenik. Ez, esan nahi dudana da inteligentziak askotan pentsamendu kontzienteetatik urrunduta ematen dituela bere emaitzarik onenak».
Liburuko emakumeak, Mendizabalek bezala, bere gorputza okupatzeko beharra sentitzen du. Horretarako, hasteko, aiztoaz bere oinak moztea erabakitzen du. Izan ere, zapata gorri batzuk emakume preso dituzten lokarrien irudia dira: Christian Andersenen ipuin batean, oinetako gorriak onartzen dituen emakumea oparitu dizkion gizonaren mendeko bihurtzen da.
Ipuineko emakumeak, oinak moztuta, libre, basamortuan lur emankorra aurkituko du. Zangoak lurrean sartu eta sustrai berriak haziko zaizkio. Hala, lehenengoz gorputza okupatzea zer den sentituko du. «Izan ere, burua, alegia, kultura, ideologiak, gizartea, baloreak, egiturak… traba dira bide horretan».
Burugaltze hau basoaren erdian gertatzen da. «Niretzat basoak badu esanahi berezi bat: basoa desagertzeko leku bat da: kanpoko mundutik desagertzeko, hiltzeko leku bat, non naturarekin bat eginez, gure bizitzan dagokigun lekua aurkituz, berriro jaiotzen garen».
Emakumeei gonbita
Emakumeak burua galtzera gonbidatu ditu. «Emakume gehienak ez dira ematen duten hori. Beren burua argitara ateratzeko ausardia izan arte, ihesean, ezkutuan eta disimuluan ibili behar izaten dute. Niri beste idazle batek erakutsi zidan bidea. Liburu honek beste emakume batzuk burua galtzeko balio badezake, poztuko nintzateke».
Bukatzeko, marrazkilariarentzat esker hitzak izan ditu. «Ederra izan da bere ilustrazioek nire hitzak nola haragitu dituzten ikustea».