Euskal Liburuak Kalera ekimena egin dute bigarrenez, Beasainen
Liburuak hartuta kalejiran joan dira hainbat herritar Ezkiaga auzotik Dolarea parkeraino. Bukaeran, Joxean Artzeri omenaldia egin diote
II. Euskal Liburuak Kalera ekimena ospatu dute gaur, Beasainen. Liburuaren Nazioarteko Egunaren atarian, euskal literatura eta sormena aldarrikatu dituzte, festa giroan. Ezkiaga Auzotik Dolarea plazaraino, liburuak eskuan hartuta joan dira herritarrak, eta amaieran Joxean Artzeri omenaldia egin diote.
11:30ean hasi dute herritarrek ibilbidea. Herriko ikastetxe guztietako haurrek ikuskizunak egin dituzte bidean zehar, eta pixkanaka kalejirara batzen joan dira. Batukada Feministako kideak eta trikitilariak aritu dira giroa berotzen.
Azkenik, Joxean Artzeren omenez ekitaldia egin dute Dolarea parkean. Batukada Feministako kideen ikuskizunarekin hasi da omenaldia, eta ondoren, Artzeren olerkiak eta bere hitzekin egindako abestiak abestu dituzte. Euskal kulturan izan duen pisua azpimarratu dute, eta ikastetxe bakoitzak ikuskizun bat eskaini du, Artzeren inguruan azken hilabeteetan ikasi dutena erakusteko. Kantujirako Kideek ere abestu dute ekitaldian.
Txalaparta ikuskizuna ere izan da Mikel Fernandino eta Amaia Zabalua herriko txalapartarien eskutik. Bertaratu diren guztien artean artistaren olerkiak banatu dituzte ikastetxeetako haurrek. Azkenik, Txoriak Txori abestuz eman diote amaiera ekitaldiari.