2019ko aurrekontuen osaketan eta Gipuzkoaren etorkizunaren diseinuan, Aurrekontu Irekiak ekimena jarri du martxan Gipuzkoako Foru Aldundiak. Imanol Lasa diputatua Beasain BHI Institutuko ikasleekin bildu zen atzo eta Zubimuzu plazan karpa jarri zuten.
Atzo hasi eta ekainaren 30era bitartean, gipuzkoarren iritziak eta proposamenak jasoko ditu Gipuzkoako Foru Aldundiak, 2019ko aurrekontuen osaketan eta Gipuzkoaren etorkizunaren diseinuan, Aurrekontu Irekiak ekimenaren bitartez. “Aurten ere, herritarren lehentasunak eta proposamenak, zein etorkizuneko kezkak jasotzea du helburu aldundiak, aurrekontuetan isla eduki dezaten”.
Aurten gainera, iraupena luzatu du –hiru hilabete-, eta baita irismena ere. “Izan ere, aurreneko aldiz aldundia aurrez aurre iritsiko da lurraldeko 89 udalerrietara, herritarrek helarazi nahi dituzten behar eta iradokizun guztiak pertsonalki eta bertatik bertara” jasotzeko asmoarekin.
Beasainen
Beasainen txanda izan zen atzokoan. Batetik, karpa jarri zuen aldundiak herrian, Zubimuzu plazan. “Arretarako teknikariak izan ziren bertan, parte hartzeko interesa zutenei aldundiaren aurrekontuen edukia azaltzeko, herritar guztiak parte hartzera animatzeko, laguntza eskaintzeko, zalantzak argitzeko, eta proposamenen bilketa sustatzeko”.
Karpa jartzearekin batera, ikasleen, adinekoen, ekintzaileen, enpresen, eta hainbat arlotako eragileen eta ordezkarien ekarpenak entzungo dituzte. Beasaingo kasuan, Beasain BHI Institutukoekin elkartu zen Imanol Lasa; eta ostiralean Joseba Muxika joango da Institutura. “Aurrekontu irekien dinamikari ekin genionetik ahalegin berezia egiten ari gara aldundiaren jarduera gazteenei gerturatzeko, askotan ez baitute ezagutzen erakundearen lana eta bere funtzioak, eta baita beraien kezkak eta eskaerak jasotzeko ere. Oso bilera aberasgarriak izaten ari dira, eta haien erantzuna eskertu besterik ezin dut egin”, nabarmendu du Lasak.
“Parte-hartze aktiboa” eduki zuten ikasleek saioan; hondakinen kudeaketaren edota birziklapenaren inguruan, eta proposamenak egin zituzten garraiobide publikoaren hobekuntzaren, ingurugiroaren edota elektromugikortasunaren inguruan galderak egin zizkien diputatuari.
Ekarpenak egiteko aukera
Atzo karpara joateko aukerarik eduki ez zutenek ere, ekainaren 30era bitarte parte hartu ahal izango dute. Aldundiaren esanetan, 16 urtetik gorako herritar guztiek, eta herritar kolektiboek aurkeztu ahal izango dituzte proposamenak, esku orria bete eta udal erregistroan, edo Donostiako Gipuzkoa Plazan –beheko solairua- kokatutako herritarren arretarako eta informaziorako gunean ere entregatuz. Izan ere, guztira 310.000 esku orri inguru bidali dira Gipuzkoako etxeetara, herritarrei ahalik eta erraztasun gehien emateko. Doan bidal dezakete frankeo ordainduaz, banatu den gutunazala erabilita. “Dokumentu horretan, aldundiaren jardueraren kopuru, datu eta proiektu nagusien berri ematen da, eta baita Etorkizuna Eraikiz dinamikaren baitan, adinekoen arretari, elektromugikortasunari, edota zibersegurtasunari lotuta garatzen ari den etorkizuneko proiektu estrategikoei buruzko informazioa ere”.
Internet bidez ere parte hartu ahal izango da,
gipuzkoa.eus/partaidetza webgunean, aurrekontu irekien atalean. “Plataforma berritu da partaidetza errazteko eta kanal horren erabilera sustatzeko. Proposamenak helarazteaz gain, Gipuzkoaren etorkizuneko erronkak zeintzuk diren zehaztu ahal izango da”.
Goierriko hitzorduak
- Maiatzaren 15ean, Idiazabalen.
- Maiatzaren 19an, Zaldibian.
- Maiatzaren 22an, Lazkaon.
- Maiatzaren 23an, Gabirian eta Legazpin.
- Maiatzaren 24an, Legorretan.
- Ekainaren 4an, Ordizian.
- Ekainaren 6an, Ormaiztegin.
- Ekainaren 8an, Seguran.
- Ekainaren 21ean, Zegaman.
- Ekainaren 27an, Zumarragan.