EH Bilduk «lotsagarri» jo du EAJ-k Aralarren auzian izan duen jarrera
Xabier Olanok Aralarko pisten eta bere alderdiaren jarrereran inguruko hainbat argibide eman ditu. Aranzadiri txostena egiteko eskaera EAJ eta EH Bilduren artean adostu zela berretsi du
EH Bilduren Gipuzkoako batzarkide taldeko bozeramaileak, Xabier Olanok, Aralarko auziaren aurrean azken aldian sortutako tira biren inguruan hainbat argibide eman ditu. Argitu nahi izan duen kontuetako bat, Aranzadik txostena egiteko eskaria nork egin zuen izan da. Izan ere, Enirio Aralar mankomunitateko batzarretako batean, EAJk eta EH Bilduk, adostasun batera iritsi ondoren egindako eskaria dela esan zuen Iñaki Aizpuruk, Itsasondoko ordezkariak, nahiz eta EAJko ordezkariek ezezkoa esan. Orain, Aizpuruk esandako hura berretsi du Olanok eta horretarako, orain arte eman ez den informazioa eman du.
EH Bilduko bozeramaileak «EAJk informazio hori ukatu izana lotsagarritzat» jo du. Izan ere, «lehenengo interlokuzio saiakera 2017 urte hasieran EAJk berak eskatu» ziela jakinarazi du. Aralarkoa «gai gatazkatsua denez eta giro txarra sortzen ari zenez, EH Bildutik, EAJrekin biltzea erabaki genuen, elkarrizketaren bidez arazoa bideratu eta konponbide bat jartzeko asmoz». Horrela, «2017an hiru bilera egin» zituztela argitu du Olanok; «iazko martxoan izan zen lehena eta Aranzadik txostena egitea adostu genuen. Urrian eta azaroan izan ziren beste biak. EAJko hiru ordezkari eta EH Bilduko beste hiru izan ziren mahai hartan».
Aranzadiren txostena
Olanok berak adierazi duenez, «Aranzadik egindako txostenaren ondorio nagusia, Aralarren beste ezer baino lehen, bertako larreen azterketa eta plangintza bat egitea da». Aranzadiren ondorioa, ordea, «EAJri ez zitzaion gustatu, eta bileran esan zuten, zituzten asmoetarako, ez zuela balio txostenak eta horregatik, ez zutela aintzat hartuko».
Horren aurrean, «Aranzadik esandakoari jarraituz, EH Bilduk Larreen Antolaketarako Plana egitea bere gain hartuko du», Olanok esan duenez. Larreen antolaketak nolakoa izan behar duen aztertu ondoren, «administrazioak interes orokor bat defendatu beharko luke, eta ez orain arte egiten ari diren moduan, abeltzainek esandakoa eta haien interesak baino ez baitituzte entzun. Abeltzainak eragile oso garrantzitsuak badira ere, artzain, natur talde, mendizale eta beste hainbat eragileri ere entzun behar zaie».
«EAJrekin biltzea erabaki genuen, elkarrizketaren bidez arazoa bideratu eta konponbide bat jartzeko asmoz» «Abeltzainak eragile oso garrantzitsuak badira ere, artzain, natur talde, mendizale eta beste hainbat eragileri ere entzun behar zaie»EH Bildun iritzi aniztasuna Gai horrek, gainera, Enirio Aralar mankomunitateko batzarra osatzen duten EH Bilduko ordezkarien artean dauden iritzi desberdintasunak ere agerian utzi ditu. Izan ere, 2016ko abenduaren 20an, Aralarko Kudeaketa plana landu zuten batzarrean, EH Bilduren agintepeko hiru herrik –Amezketak, Orendainek eta Ataunek– baiezko bozka eman zioten kudeaketa planari. Olanok adierazi duenez, «EH Bildu koalizio oso irekia, zabala eta anitza da». Horrez gain, «iritziak bateratzeko saiakerak» egin dituztela gaineratu du, «baina ordezkari batzuek, interes partziala baino ez dute kontuan hartu». Dena den, «etorkizunean nolabait hori bideratuko» dutela ere esan du. Batzar hartan, gai horren inguruan beste iritzi bat zuten EH?Bilduko lau ordezkarik, batzarrera ez joatea erabaki zuten, «giroa oso gaiztotuta» baitzegoen. Legorreta, Itsasondo, Zaldibia eta Ikaztegietako ordezkariek batzarrera ez sartzea erabaki zuten orduko hartan Pasa den apirilaren 4ean, Artzain Egunarekin bat eginez, egin zen Ordiziako udaletxeko batzar aretoan, Enirio-Aralarko azkeneko batzarra. Egun horretan ere, mankomunitateko 15 ordezkarietako zazpik ez zuten haien eserlekua bete, EH Bilduko ordezkariak ziren oraingoan ere. Horren inguruan Olanok esan du «pixuzko hainbat arrazoiengatik ez joatea erabaki» zutela. Batetik, «batzar horretarako egina zegoen eskaera zen Aranzadiri eskatutako txosten horren zabalkundea edo aurkezpen bat antolatu behar zela». Gehiengoz ezezkoa atera zen. Bestalde, egun berean, «eraso gisa har daitekeen protesta bat izan zen». Izan ere, goizean, Aralarko Baserritarren Elkarteak deituta, elkarretaratzea egin zuten Ordiziako udaletxearen aurrean. Bertaratu zirenek, Itsasondoko ordezkaria den Iñaki Aizpururi zuzendutako mezua irakur zitekeen pankarta zeramaten. Giroa horrela, «hausnarketa eta gogoeta lasaia eta zentzuduna egiteko behar bezalako baldintzak betetzen ez» zirela adierazi du Olanok. Horregatik, aurrerantzean, batzarreretara joango diren edo ez «unean-unean erabakiko» dute: «Gai zerrendaren arabera eta baita lehendakariaren eta gainontzeko udalerrien jarreraren arabera ere». Horrez gain, «eginkizun nagusia Aralar parke naturala dela kontuan hartuta, bere ingurumen balioak mantentzea, errespetatzea eta gordetzea» dela gaineratu du.













