Halako zale askorekin, Reala txapeldun
Xabi Prietok bere agurra iragartzeko eman zuen prentsaurrekoan, Jokin Aperribai presidenteak bera bezalako hamaikarekin Realak liga irabaziko lukeela esan zuen. Hamaika Xabi Prietoz gain, ostiralean Zumarragan omendu zituzten zaleak bezalako
Xabi Prietok bere agurra iragartzeko eman zuen prentsaurrekoan, Jokin Aperribai presidenteak bera bezalako hamaikarekin Realak liga irabaziko lukeela esan zuen. Hamaika Xabi Prietoz gain, ostiralean Zumarragan omendu zituzten zaleak bezalako asko izango balitu Anoeta, Txapeldunen Liga ere irabaziko luke.
Musti Taldeak Realeko zale bezala 25 urte bete dituzten urretxuar eta zumarragarrak omentzen ditu urtero. Aurten Juanjo Aranburu, Antonio Aranzadi, Iñigo Cantero, Felipe Elgarresta, Txomin Gartziandia, Jose Antonio Mendizabal eta Juan Luis Romero omendu ditu.
Reala «sentimendu bat» dela diote. «Lagunekin eta inguruko gainontzeko guztiekin elkartzen gaituen zerbait da, eta gainera, hemengoa», azaldu zuen Elgarrestak.
Guztiak umetan zaletu ziren. Cantero, adibidez, Donostiara amona bisitatzera joaten zenean. «Niretzat, Donostiara joatea, amona eta Reala ikustera joatea zen». Aranburu Lopez Ufarteren eskutik zaletu zen. «Umea nintzela, telebistan Realaren partida bat bota zuten. Lopez Ufartek falta bat bota behar zuen. Gola sartuko du, gola sartuko du… esaten hasi nintzen eta gola sartu zuen». Gol hark Reala eta Aranburu betirako elkartu zituen.
Mendizabal eta Reala ere ez ditu ez inork eta ez ezerk banatuko. Urte luzetan Madrilen bizi izan zen, baina ez zion bazkide izateari utzi. «Urte haietan nire bazkide txartela Avenida tabernan egon zen, Realaren partida ikustera joan nahi zuten kuadrillako lagunen esku».
Are gehiago, Realak 2003ko ekainean Vigon jokatu zuen partida irabazi izan balu, eztei-bidaia atzeratuko zukeen. Vigoko partida irabazi izan balu, hurrengo jardunaldian Atletico Madrili irabaztearekin nahikoa zukeen Liga irabazteko. Eta Mendizabal ez zegoen hori galtzeko prest.
Zazpiek egin dute Realarekin lotutako zorakeriaren bat. Canterok, adibidez, bere lehen eskupekoa ohe handiago bat erosteko erabili zuen eta bigarrena Realaren bazkide egiteko.
Une gogorrak ere bai
Realak azken hamarkada hauetan jokatutako partida garrantzitsuenetan egon dira. Canterok bi ligez eta kopaz gozatzeko gazteegiak zirenei Realak poz handi bat zor diela dio.
Izan ere, Realari esker primeran pasa dute eta toki asko ezagutu dituzte, baina atsekabeak ere bizi izan dituzte. 2008ko ekainean Mendizorrotzan bizitakoa, adibidez. «Dagoeneko garaipena ospatzen ari ginen eta minutu batean mundua gainera etorri zitzaigun».
Dena den, egunik gogorrena Aitor Zabaleta hil zutenekoa da. «Giroa beldurgarria zen. Hotza egiten zuen eta nire lagun Titok txakurtxo baten irudia zuen txano bat erosi zuen, Realarena jartzera ausartzen ez zelako», gogoratu du Aranzadik. Zabaleta eta beraiek bezalako zaleek egiten dute Reala berezi.