Goierri garaian protesta egin dute pentsiodunek eta jubilatuek, manifestazioan aterata oraingoan
Legazpiko manifestazioa
Astelehenetako elkarretaratzeak manifestazio bihurtu zituzten atzokoan. Urretxuko aldapa betetzen zuten pentsiodunek zein jubilatuek, baita bestelako pertsonek ere. Legazpin ere atera ziren, besteak beste, pentsioen %0,25eko igoeraren kontra protesta egitera.
Legazpiko udaletxearen aurrean pertsona asko zegoen 12:00ak jo aurretik. Egin berri duten pankarta eskuetan hartu zuten, eta Juanjo Zubilagak bozgorailutik manifestua irakurri zuen. Aurretik, baina, pankarta eramaten emakumezko gutxi zegoela eta, andreei pankarta eskuetan hartzeko eskatu zieten.
Manifestuan esandakoen artean, adinekoen rola, familia sisteman aldatu dela nabarmendu zuten, «zainduak izatetik zaintzaile izatera pasa gara». Beldurra gainditu dutela gehitu zuten: «9 milioi lagun garela konturatu gara eta gure botoen indarrari esker gobernuak hankaz gora jar ditzakegu». Irabazien bestelako banaketa baten aldeko aldarria egin zuten eta bataila irabazteko behar dutena badutela adierazi zuten ozenki: «Astia eta borrokan jarraitzeko gogoa».
Testigantzak
Izan ere, orain bi aste zalantzati agertu ziren Nagusilaneko kideak eta esan zuten, akaso, elkarretaratzeen maiztasuna urrituko zutela edota udaldian etengo zituztela. Atzokoan, jarraitzeko asmo irmoa agertu zuten, nahiz eta datozen hilabeteetan, jendearen jarraipenaren arabera, aldaketak egitea litekeena den.
Manifestazioan atera zirenen artean, Crisanto Sevillanok (Salamanca, 1953), Legazpin 40 urtetik gora daramatzan pentsiodunak, hala zioen: «Ez dugu galtzeko hainbeste eta pentsio hobeak eskatzen ditugu. Izan ere, geuk, bere garaian, haien alde borrokatu genuen».
Angel Portillak (Araba, 1925) hala zioen bizkarra altxatuta: «Guk oso garai txarrak ezagutu genituen 36ko gerra ondorenean. Hemen nago gaur, baina egoera honek ez dauka irtenbiderik». Pili Garmendiak (Gaintza, 1943), bere aldetik, honakoa adierazi zuen: «Ni ez nago gobernuaren politiken alde. Pentsioen %0,25eko igoera ez zait gustatu. Guk jarraituko dugu borrokan, zerbaiterako balioko duen ez dakidan arren».
Begoña Urkiak (Legazpi, 1955) han egoteko bere arrazoiak eman zituen: «0,25 hori oso gutxi da eta guk zer edo zer eginda agian kontuan izango gaituzte, bestela azkenak geratuko gara eta egoera are lazgarriagoak sortuko dira». Eli Martin (Legazpi, 1989) manifestazioan zihoan pertsonarik gazteena zen, tiratzen zuen gurditxoko bere haurra kenduta. «Zergatik zaude hemen» galderaren erantzuna bat-batean eman zuen –«nire amagatik»– eta amari begiratu zion. «Egoera tamalgarria da, iraganean lortutako guztia galtzen ari da hainbatek dirua poltsikoratzen duten bitartean».