Musikaz blai dator udaberria
Legorretako Udaberriko Kontzertu Zikloaren barruan Ruper Ordorikak joko du datorren ostiralean. Desafio bertsotua ere antolatu dute ekainaren 8rako
Ruper Ordorika, ostiralean
Apirilaren 13an, Hiri Galduak eta Libe taldeen kontzertuarekin ireki zuten Udaberriko Kontzertu Zikloa eta datorren ostiralean, hilak 27, 19:30ean izango da hurrengo saioa. Ruper Ordorika Oñatiko abeslari sonatua igoko da Legorretako antzokiko oholtzara. Sarrera gutxi batzuk oraindik salgai daude 10 euroren truke, Legorretako kultur etxean.
Ondoren, maiatzaren 4an, EH Sukarrak emango du kontzertua, 22:30etik aurrera. Kontzertu horretarako sarrerak ere salgai daude dagoeneko, 6 euroren truke, kultur etxean.
Azkeneko saioa, ekainaren 15ean izango da eta hip-hop doinuak izango dira, Ordiziako Zesura eta Zumarragako Agresion Verbal taldeen kontzertua izango baita.
Desafio bertsotua
Udaberriko Kontzertu Zikloaren barruan, eskaintza nahiko desberdina ere egingo dute. Izan ere, ekainaren 8an, bertsoz girotutako desafio bat izango da, Odei Lopez legorretarrarekin eta Imanol Iruarriz ordiziarrarekin.
Momentuz, egun horretarako antolatu dutenaren xehetasun guztiak kontatu ezin badaitezke ere, Lopezek berak aurreratu du «nork pisu gehiago altxatu ariko» direla. Gainera, bakoitzak, bertsolari bana izango du ondoan, botillero moduan. Bertsolari «oso ezagunak» izango direla aurreratu du Lopezek.
Kirola eta kultura uztartuko dituen erronka horrek elkartasun kutsua ere izango du. Izan ere, egun horretan bildutako diru guztia, Legorretatik Mundura elkarteari bideratuko diote, Hondurasen abian duen proiektua laguntze aldera.













