Beasaingo agiririk zaharrena
Mikel Dorronsoro, Martin Garcia eta Joseba Alonso historialari afizionatuak, Gudugarreta auzoko historiaz egiten ari diren lanean, Beasainen aipamen zaharrena topatu dute. Aipamen hori ...
Mikel Dorronsoro, Martin Garcia eta Joseba Alonso historialari afizionatuak, Gudugarreta auzoko historiaz egiten ari diren lanean, Beasainen aipamen zaharrena topatu dute. Aipamen hori 1211koa da, orain arteko zaharrena baino mende eta erdi zaharragoa. Dokumentua Beasain Jaietan aldizkarian argitaratuko dute.
Nafarroako Errege Artxibo Nagusian aurkitu dute. «Gudubarreta aipatzen zuen dokumentu bat zegoela ikusi genuen. Eneko de Ipuza izeneko batek dohaintza batzuk egin zizkion Iratxeko monasterioari. Dokumentu horretan Sancius de Loinaz, Pedro Garces de Loinaz eta Garcia Ramirez de Beasain ere aipatzen dituzte. Horrek Beasain eta Loinazek duela 800 urte entitatea zirela esan nahi du. Testua latinez dago eta nafar erromantzean egotea espero genuen», azaldu du Garciak.
Itzulpena paleografo batek egin die eta beste lau adituri erakutsi diete. Guztiek dokumentua 1211. urtekoa dela ziurtatu dute. «Beasaini buruzko aipamen hau orain arteko zaharrena baino mende eta erdi zaharragoa da», nabarmendu du. Gudugarretari buruzko liburuak, beraz, argitaratu aurretik eman du lehen fruitua. 2020. urtean esku artean izango dute liburua.
Hiribildu txikiena
Egun, Gudugarreta Beasaingo auzo bat da, baina 1615etik aurrera, Seguratik banandu ze-nean, hiribildua zen. Gipuzkoako txikiena zen, Aramarekin batera. Bederatzi baserri eta 17 bizilagun bakarrik zituen, elizarik eta errotarik ez zuen, eta Arriaranera jaisten ziren mezetara. Egileak Gudugarretaren historia jasotzen ari dira eta, hain baserri gutxi izanik, hiribildu egitea zergatik erabaki zuten jakin nahi dute, besteak beste.