Gurutz Barandiaran: «Aurrera egiteko arazorik ez dago, baina erreleboa ere behar da»
Lazkaoko txirrindulari probak 75. ekitaldia izango du, astelehenean. Gurutz Barandiaranek (Lazkao, 1938) ia hirurogei urte darama antolakuntzan. Sendo dago karrera. Beti festetan jokatu izan da.Aurten 75. ekitaldia du Lazkaoko Probak. Baina lehenago er...
Lazkaoko txirrindulari probak 75. ekitaldia izango du, astelehenean. Gurutz Barandiaranek (Lazkao, 1938) ia hirurogei urte darama antolakuntzan. Sendo dago karrera. Beti festetan jokatu izan da.
Aurten 75. ekitaldia du Lazkaoko Probak. Baina lehenago ere egiten zen, ezta?
Bai. Aurretik herri mailako karrerak egiten ziren, 1929an ere. Baina aurreneko proba federatuekin 1934an egin zen. 1936ko karreraren araudia badaukat, eta Lazkaoko Txirrindularitza Batzordeak antolatu zuela jartzen du. Artean ez zen Esparru elkarterik, Bionako Julio alkate zela legeztatu zen, geroago.
Etenaldirik izan al du?
Gerra urteetan eta ondoren. 1936an egin zen, baina gero 1947ra ez. 1973an ere bertan behera geratu zen, Juan Begiristain alkatearekin gora-beherak izan zirelako. 1967an ere izan zen sesioa harekin; guk ez genuen antolatu, eta Donostiako Educacion y Descansotik etorri ziren antolatzera. Helmuga San Josen jarri zuten.
Zu noiz hasi zinen antolatzaile?
1960an sartu nintzen. Aita zena Esparru elkarteko bazkidea zen, eta 1959an hil zen. Morroi bezala hasi nintzen: sobreak egin, etxez etxe banatu dirua hartzeko… Esparruk antolatzen zuen ordurako. Jesus Naldaiz, Sabin Mingo, Periko Gartziandia… ibiltzen ziren. Bazkide ez zirenak ere bai.
Esparru elkartea izan da, beraz, historikoki karreraren arima?
Bai. Lizentzia Esparruk zeukan. 1980an kirol talde guztien fusioa egin zen, eta denok Lazkao Kirol Elkartera pasatu ginen. Baina federazioaren lizentzia Esparruk mantentzen du, egunen batean LKE desagertzen bada ere, elkartearen babesa izan dezan.
Irabazleen zerrendan ziklista handien izenak ageri dira.
Bai. Onenetakoak Jesus Loroño, Luciano Montero, Roberto Morales, Jose Manuel Lasa… izango ziren. Profesional izandako Jose Luis Maiozek ere irabazi zuen, Anastasio Graciano ere oso ona zen, Reynoldsen ibilitakoa. Geroagokoak, Jokin Mujika, Abraham Olano, Aitor Osa, Joseba Beloki… Beti amateurren proba izan da; garai batean independente bezala etortzen ziren.
Beloki Lazkaon jaioa zela jakiteko ere balio izan du, ezta?
Anekdota badaukagu. Sariak ematean Lazkaoko aurrena beste bat izendatu genuen —orduan hiru edo lau lazkaotar bazeuden—, eta podiumetik jaitsi zenean esan zigun Joseba Belokik: «Ni ez noa erreklamatzera sari hori, baina ni Lazkaokoa naiz». Orduan jakin genuen.
Antolakuntza asko aldatu da?
Lanak betikoak dira, baina lehenago arazo handiena diruarena zen. Etxez etxe sobreak banatuta biltzen genuen, eta iristen zen. Sariak ere geuk banatzen genituen, dietak ekipo guztiei… Bukatzerako meriendatzeko garaia izaten zen. Orain dena Euskal Federazioak mugatuta dago: hari eman 2.500 edo 2.600 euro, eta hark partitzen die ekipoei.
Ekonomikoki orain zer moduz?
Badaukagu. Publizitatearekin biltzen dugunaz gain, udalari aurkezten diogu aurrekontua eta gero likidazioa, eta normalki dena ordaintzen digu. Zentzu horretan, lasai gaude.
Eta lanerako jendez?
Egia esan, ez daukagu kexatzerik. Lau edo bost pertsona ibiltzen gara. Azkeneko egunetan itotzen gara, baina gehiago ere ez du behar. Egunean, bidegurutzeak egiteko-eta 40 bat lagun izaten dira, eta beste herrietako laguntzaileak ere (Ataun, Beasain, Alegia…) izaten ditugu.
Etorkizuna seguru, beraz?
Bai. Aurrera segitzeko arazorik ez dago, momentuan. Baina errelebo pixka bat beharko dugu. Ni 80 urte egitera noa, eta etxean esaten didate jada lotsa pixka bat izateko… Jende gaztea sartu behar da; gainerakoa lotuta dago eta federazio mailan ere ondo ikusita gaude.
Txupinazoa botatzeko aukeratu zaituztete aurten.
Guretzat ohorea da. Ez genuen pentsatzen.
75 urteok ospatzeko asmorik?
Zer edo zer antolatu nahi dugu, ekain aldera. Bazkari bat laguntzaile guztiekin, oparitxo edo detailetxo bat eman edo… Udalak esan zigun zerbait izango zela.













