«Batzuk aberastasuna sortzen dugu, eta beste batzuk pobrezia banatu»
Joseba Villarreal (Legazpi, 1970) saltsa guztietako perrexila dela idatzia utzi zuen Nerea Elustondo bertsolariak, eta Villarrealek berak dioenez, «nire burua ondoen ...
Joseba Villarreal (Legazpi, 1970) saltsa guztietako perrexila dela idatzia utzi zuen Nerea Elustondo bertsolariak, eta Villarrealek berak dioenez, «nire burua ondoen aurkezten duten hitzak dira». Bizitzan, honezkero, «hainbat gauza» egin dituela dio. GoiBerri-k hitzordua egin du harekin, besteak beste, Sorgintxuloren sorreran ibili zelako eta, gaur, apirilaren 27a, Maiatzaren 1aren atarian gaudelako.
Sorgintxulo sortu zenutenetik 20 urte dira jada. Legazpiko Santikutz jaietako pregoia egingo dute apirilaren 30ean. Sorreraren nondik norakoa kontatuko zeniguke?
Hainbat lagun elizako Erkatz aisialdi taldean monitore gisa ari ginen. Apaiz bat etorri zitzaigun nahikoa fede ez genuela esatera. Geuk haurrekin balioetan lan egiten genuela erantzun genion eta transmititzen genizkiela gizatasuna, elkartasuna, errespetua, abertzaletasuna, euskararekiko maitasuna, ingurugiroaren zaintza eta abar.
Apaiz hark, agian nahi gabe, erronka bota zigun. Prozesu bat abiarazi genuen eta apaiz etxera urtebetez joan ginen harekin gai ezberdinei buruz hitz egitera. Zalantzak, kezkak eta kontraesanak partekatu genituen berarekin.
Eta prozesua amaitzean?
Erabaki genuen Erkatz ez zela gure espazio naturalena. Apaizarekin adostu genuen guk talde berria sortuko genuela. Eliza Erkatz izenarekin geratuko zen, gure aldetik asko ematea izan zen izenak bazuelako Legazpin nolabaiteko prestigioa. Edozein modutan, gu talde bat osatzekoak ginen eta izen berria asmatzeko prest geunden.
Ika-mika txiki bat izan genuen apaizak Erkatzen material guztia –kanpin dendak, jangela, sukaldeak…– beraientzat nahi zituelako. Azkenean, modu onean konpondu ginen.
Orduan Sorgintxulo sortu zenuten.
Bai. Udaletxean ezagunak ginen eta diru laguntzak eskatzeari ekin genion, baita Gipuzkoako Foru Aldundian ere. Sorgintxuloren balioak oso antzekoak ziren, baina elizatik kanpo jada. Hala, kristautasunak zentralitatea izateari utzi zion.
Orain, atzera begirakoa eginez gero, zer datorkizu burura Sorgintxuloren jarduna ikustean?
Nik Sorgintxulo denaren parte txiki bat erein dudala. Saltsa askotan sartuta ibili naiz, baina Sorgintxulorekiko harrotasuna sentitzen dut.
Sorrera erraza izan ez bazen ere, gu denok, inolako banaketarik gabe, aurrera egin genuen elkarrekin. Ederra izan da, gerora, gurekin ibilitako haurrak begirale gisa ikustea. Halaber, nire bi alabak udalekuetara joaten dira eta tokirik izan ez dutenean negar egin dute. Guri, pluralean esan dezaket, Sorgintxulok guk berari baino askoz gehiago eman digu.
«Guri, pluralean diot, Sorgintxulok guk berari baino askoz gehiago eman digu»
«Barru-barruan daramatzat konpromisoa eta gizartea eraldatzeko grina»
«Sindikatuok harri dezente bota dizkiogu gure buruari eta sinesgarritasuna irabaztea erronka handi bat da»
«Badirudi Maiatzaren Lehena belaunaldi baten mito edo erritu bihurtu dela»
«Langileok gure eskubideak kalean lortu genituen eta Maiatzaren 1a kalean egoteko eguna da»
Saltsa askotan ibilia zarela esan duzu eta Elustondok perrexil gisa aurkeztu zintuen behin. Saltsa horiek aletuko zenituzke?
Legazpin horixe izan naizela esango nuke, bai. Gaztetxearen lehenengo etapan, kuartela okupatu eta udaletxearekin Nafarroa kalean lokal bat izatea adostu genuenekoa. Intsumisioaren garaian, Legia (Legazpiko Gazte Intsumiso Antimilitarista) taldea sortu genuen. Bertso-Olariak eskolaren hastapenetan ibili nintzen, bertsoak estropeatzen. La Salle eskubaloi taldeko zuzendaritzan aritu izan naiz. Ene Bada! astekariaren koordinatzailea izan nintzen urte eta erdiz. Udalean kultur eta gazteri teknikari lanak egin nituen ordezkapenetan, eta Oñatin ere aritu nintzen. Taberna bat hartu nuen, Kulturweben lan egin nuen…
Zerrenda amaigabea dirudi. Dena dela, ibili zaren saltsa horiek guztiak hari berarekin josi daitezke, herrigintzarenarekin alegia.
Bai, barru-barruan dauzkat konpromiso politikoa eta gizartea eraldatzeko grina. Pertsonekin lan egitea gustatu izan zait beti, hala arlo profesionalean nola militantzian. Izan ere, ELA sindikatuan lanean hasteko aukera sortu zitzaidanean, bide beretik joan ahal nintzela izan zen gehien erakarri ninduena.
Gaur-gaurkoz zein da ELAn egiten duzun lana?
Sindikalizazio arduraduna naiz, hau da, sindikatua nola hedatu eta garatu daitekeen esparru ezberdinetan; hain zuzen, dagoen espazioetan eta egon nahi duenetan.
Garai onak al dira sindikatuentzat?
Ez, erronka asko ditugu. Prekarietateari nola aurre egin, egoera okerrenean daudenekin nola aritu elkarlanean eta nola integratu sindikatuan, politika neoliberalen testuinguruan langileen bizi baldintzak nola bermatu, soldata eta emakumeen arrakalari nola aurre egin…
Bestalde, sindikatuok harri dezente bota dizkiogu gure buruari eta sinesgarritasuna irabaztea da beste erronka handi bat. Sindikatuon praktika ez egokiak bistan geratu dira eta ez dugu praktika onak erakusteko horrenbesteko abildaderik izan. Dena dela, jendea afiliatzen da, beti ere, sindikatua eraginkorra ikusten duen neurrian. Hitzetan, ekintzengan sinisten du jendeak.
Badator Maiatzaren Lehena.
Maiatzaren 1a belaunaldi baten mitoa, errituala edo ospakizun eguna dirudi. Ezjakintasuna dago. Ia-ia bakarrik sindikatuontzat inportantea den eguna dela dirudi. Alabaina, langileok gure eskubideak kalean lortu genituen eta Maiatzaren 1a kalean egoteko eguna da.
Gure leloa Pobreziari gerra, inor ez dago soberan izango da. Pobreen arteko gerra bat bultzatu nahi dute, langileen artean gatazka sortu, alegia, nor dagoen nor baino okerrago, eta hortik borroka sustatzea. Gaur egun, batzuk aberastasuna sortzen dugu eta beste batzuk pobrezia banatzen dute. Oraingo egoera ez da gaurko bakarrik, guretzat betiko nahi duten egoera dela esango nuke.