Memoria arazoak eragiten duten gaitzei konponbidea aurkitzeko prebentzio programa aitzindaria da. Egitasmo berria aurkezteko bi bilera informatibo egingo dituzte bihar Usurbe Antzokian
Goiz Alzheimer programaren bulegoa.
Beasaingo Udalak eta Zita Alzheimer Fundazioak elkarlanean, Goiz Zaindu programa aitzindaria jarriko dute martxan Beasainen, iaz jarritako Goiz Alzheimer egitasmoaren jarraipen gisa. Alzheimer gaixotasuna garaiz antzematea da Goiz Alzheimerren helburua; Goiz Zaindurena, berriz, garuneko eta memoriako gaixotasunak (narriadura kognitiboa) eragiten ditzuten arazoei aurre egiteko konponbidea aurkitzea.
60 urtetik gorako 500 beasaindarrek baino gehiagok aztertu dute beraien memoriaren osasuna. Orain, parte hartu duten hainbat herritarrekin harremanetan jarri eta «arazo kognitiboak eta dementziari nola aurrea hartu ikertzen dituen prebentzio programa batean» parte hartzera animatu nahi dituzte. Egitasmoa martxan jartzeko eta informazioa emateko, bihar, bi hitzordu jarri dituzte Usurbe Antzokian: 12:30ean edo 17:30ean. Programak ondorengo arloak landuko ditu: arrisku kardiobaskularraren faktoreei aurre egiteko (presio arteriala, azukrea, kolesterola, gehiegizko pisua) arreta eta zaintza intentsiboa, ariketa fisikoa egiteko programa, aholku dietetikoak eta estimulazio kognitiboak. Udalaren esanetan, «gisa honetako programak Beasain bezalako komunitate batean egin daitezkeela frogatzeaz gain, jasoko diren datuak emandako osasunaren zaintzarako estandarren aurrean eraginkorrak direla egiaztatzeko baliogu digu».