"Maiatza gorria egitera" deitu LAB-ek Ordizian, Maiatzaren 1eko manifestazioan
Adarraren doinuarekin batera abiatu da Langileen Naziorarteko Eguneko, Maiatzaren Leheneko LABen eskualde mailako manifestazioa Ordiziako Plaza Nagusitik, sindikatuaren bandarek eta ikurrinek lagunduta. Ordiziako kaleak zeharkatu ondoren, txalapartaren doinuak lagunduta iritsi dira manifestariak Plaza Nagusira.
Eztizen Agirresarobe LABeko ordezkariak, Euskal Herriko Emakumeen Mundu Martxaren adierazpena gogoratuz hasi du ekitaldia. Gasteizko eta Donibane Garaziko hilketak eta 2016ko San Ferminetan talde bortxaketaren epaia dela eta, “Langileen Nazioarteko Egunean argi adierazi nahi dugu euskal emakume langileok bizi dugun egiturazko indarkeria. Emakume izateagatik soilik gara erasotuak, kolpatuak, abusatuak eta erailak”. Honela, Maiatzaren 1a, “emakume langileok ere borroka eguna dugu! Kapitalismoaren eta patriarkatuaren erasoaldiaren aurrean, parez pare izango gaituzte”.
Ondoren berriz, Kanbora begira jarri dira. “Ziklo amaiera iragarri du erakundeak. Ekarpen baliotsua, zalantzarik gabe. Une historikoa bizi dugu”. Honela, “eragile guztioi dagokigu gatazkaren ondorioak gainditzeko inplikatzea”. Baina, LABen ustez, “EAJrentzat Kanbo baino gertuago dago Madril. Estatuko aurrekontuak onartzea erabaki du, PNV-PP binomioa, neoliberalismoaren esentzia bete-betean. Murrizketak eta erreformak bata bestearen atzetik inposatu dizkigutenekin lerrokatzea. Kataluniari eta Euskal Herriari gure etorkizuna erabakitzeko eskubidea ukatzen jarraitzen dutenei eskua ematea”.
Bien bitartean, langileak “geldirik” nahi dituztela salatu dute: “Dena konpontzen ari dela. Krisi garaian itxi diren enpresak errekuperatzen denbora behar dela. Pazientzia, oraindik soldatarik igotzerik ez dagoelako. Berriz ere gezurretan. Sortzen den enplegua lan baldintza kaskarragoekin izango da. Behin-behinekotasunari aurreko egiteko lan baldintzetan malgutasun gehiago eskatzen dute”.
Aldaketa soziala, politikak aldatzetik
LABen esanetan, euskal langileen borrokarekin, eta sindikatua “soziopolitikoa” denez, “aldaketa soziala lortuko badugu, politikak aldatzea lortu behar dugu. Aldaketa ez da berez etorriko, ekarri egin behar dugu”. Ildo horretan, LABek “baditu proposamenak alternatibak eraikitzeko”; ekainaren 2an Iruñean plazaratuko dutela iragarri dute. “Badaude baldintzak alternatiba orokor bat gauzatzeko. Sindikalgintza abertzaleak zein du eztabaida horretatik kanpo geratu”. Horretarako, erabaki ahalmena eskatu du sindikatu abertzaleak: “Eraldaketa sozialerako grina eta burujabetza prozesua uztartzea, hori da gakoa, eta orain da momentua”. LABek “lan munduan eta lan mundutik eragin” nahi duela dio: “Baditugu proposamenak 1.200 euroko gutxieneko soldata bermatzeko; 35 orduko lan astearen alde, soldata arrakalarekin bukatzeko, pribatizazio eta azpikontratazioari aurre egiteko, lanetik bizirik bueltatzeko, 1.080 euroko gutxieneko pentsioa bermatzeko…”.
Maiatza “gorria”
Era horretan, 68ko Maiatzetik 50 urte betetzen direnean, Euskal Herrian “maiatza gorria egiteko” deia egin du LABek, eta bi hitzordu nabarmendu ditu kalera ateratzeko: batetik, maiatzaren 26a, ‘Hemen kotizatu, hemen erabaki gure pentsioak’ lelopean; eta bestetik, maiatzaren 30ean, ‘Hemen lan egin, hemen erabaki’ lelopean, “estatalizazioaren kontra, lan harremanetarako marko propioaren alde mobilizazio eguna deitzen dugu”. Langileei kalera ateratzeko deia egin diete, eta bi orduko lanuzteak deituko dituztela iragarri dute. “Mobilizatu behar dugu. Ez bakarrik Madrildik datozen erasoen aurrean. Bizi dugun prekarizazioaren erantzuleak ez daude Madrilen bakarrik. Hemengo instituzioen ardura da lan eta bizi duina bermatzea eta herri duina erabakitzea. Hemen aipatu ditugun aldarrikapen horiek guztiak egingarriak dira”.
Ernai, gazte antolakundea
Bestalde, Ernai gazte antolakundearen izenean Libe Sukiak adierazi duenez, “krisitik irteten ari garela” esaten denean, “gazteok ez dugu hobekuntzarik nabari, guri ez zaigulako ezer hobetu. Hobekuntzak nabari dituztenak patronala, burgesia eta datu makroekonomikoak dira”. Ez dela “kasualitatea” nabarmendu du: “Krisia ezin hobeto etorri baizitzaien beraien onurarako ziren hobekuntzak egiteko. Finean, kapitala krisitik ateratzen ari da gure bizitzak etengabeko krisira kondenatuz, muturreko prekarizaziora”.
Ernairen esanetan, aldi baterako kontratuek gora egin dute, “eta hauetatik %20,5 baino ez dira urtebete baino gehiagoko iraupena dutenak”. Eta horrekin batera, “lan aldi partzialak ere gora egin du eta gazteon bataz besteko soldata, pobrezia erlatiboaren mugaren azpitik dago”. Egoera horren aurrean, “esparru ezberdinetan antolatzea” ezinbestekoa dela diote, “euskal langile klasearekin zein herri sektore prekarizatuen aliantzan: martxoaren 8an mobilizitatutako emakumeekin zein borrokan dabiltzan pentsionistekin”. Eta horrekin batera, “alternatibak eraikitzea ezinbestekoa” dela azpimarratu dute, “eta bide horretan Euskal Herrirako burujabetza osoa eskuratzea ezinbestekoa da”.