Gabiriako gazteek hirugarren jaia etzi egingo dute. Asteburu osoko egitaraua egun bateko bihurtu dute. Kirola, hausnarketa saioa, jolasak, bazkaria eta kontzertua izango dira. Zurrupurruk debutatuko du.
Gosari-solasaldi batekin hasiko dute Gabiriako Gazte Eguneko festa larunbatean. Zer motatako herria nahi duten hausnartuko dute, gazteen kezkak eta bertan bizitzeko aukerak mahai gaineratuta. Etorkizunerako aztergaiak izan litezkeenak landuko dituzte.
Hirugarren urtez jarraian, Gabiriako gazteek festa antolatu dute. Aurten egun bakarrekoa izango da, larunbatean. Gastuak murrizteko bildu dute egitaraua. Kirol apustua egingo dute ohiko lau partaidek: Eresti Oiarbidek, Idoia Maizek, Joseba Iztuetak eta Jokin Matxinandiarenak. Ez dute aurreratu zer proba den.
Zurrupurru eta Koban
Bazkaria Osinalde elkartean izango da. 60 bat lagun elkartuko dira. Ondoren, bingoan jolasteko aukera izango da, umorez. Jolasak plazan egingo dituzte arratsean; euria bada, frontoian.
Gauean, bi taldek kontzertua joko dute. Zurrupurru talde gabiriarrak estreinako saioa du. Ion Gorrotxategi (gitarra), Aitor Martin
Mosu beasaindarra (baxua), Beñat Maiz (ahotsa) eta Iban Maiz (bateria) dira kideak. Punk-oi bertsioak joko dituzte, Brigada Criminal, Hell Beer Boys, Deskontrol eta beste talde klasiko batzuenak. Koban talde donostiarra ariko da gero.
Autobus zerbitzu berezia izango da, Legazpitik eta Ordiziatik.
Egitaraua
· 09:00. Gosarizketa, solasaldia.
· 11:30. Kirol dema, bi bikotek.
· 12:30. Triki-poteoa.
· 14:00. Taldeko argazkia eta bazkaria. Ondoren, Pastelen eta Polliren bingoa.
· 18:00. Jolasak, plazan.
· 19:00. Triki-poteoa.
· 22:30. Kontzertuak: Zurrupurru eta Koban taldeak.