Merkataritzako bonuen kanpaina maiatzaren 7tik ekainaren 1era izango da Lazkaon. Gaur aurkeztu dute./Aimar Maiz
Aurten ere, Lazkaoko komertzioetan erabili ahal izateko, merkataritza-bonuak atera dituzte Lazkaon dendari elkarteak eta udalak. 40 euro ordainduta, herritar bakoitzak bonu bana erosi ahalko du, udaletxean. Ondoren, herriko 53 saltokitan 50 euroren balioko erosketak egin ahalko dituzte. 10 euroko aurrezkia ekarriko dio bezeroari, beraz.
Aurreko urteetan bezala, bonuak 10na euroko bost zatitan moztuta datoz, eta aparte erabil litezke. Sortako bi, gutxienez, Lazkaon elkarteko kide diren komertzioetan gastatu behar dira. Astelehenean jarriko dituzte salgai, 09:00etatik 18:00etara bitartean, udaletxean. Nortasun Agiria erakutsi behar du erosleak.
Guztira, 300 bonu atera dituzte. Kanpaina maiatzaren 7tik ekainaren 1era arte da. Bitarte horretan trukatu beharko dituzte erosleek dendetan.
Udaleko eta Lazkaoneko ordezkariek gaur eguerdian aurkeztu dute kanpaina. Herriko komertzioa “kalitatezkoa eta anitza” dela, eta bizirik mantentzea “herritarren esku ere” badagoela azaldu du Iñaki Estensoro zinegotziak. Erosketak Lazkaon bertan egiteko eskaera egin dute, “zerbitzuetan lanpostuak mantentzen laguntzen duelako, baita berriak sortzeko aukera gehitu ere”.