Udalak herritarren iritzia jasoko du San Bartolomeko trafikoaren inguruan
Aste honetan bertan etxe guztietara iritsiko da trafikoaren antolakuntzarako galdeketa orria. Maiatzaren 7 eta 11 bitartean jasoko dituzte herritarrek betetako eskuorriak
Ordiziako San Bartolome auzoko obrak maiatzaren erdialdean amaitzea aurrikusten du udalak eta trafikoaren antolaketaren inguruan herritarren iritzia ezagutzeko galdeketa kanpaina egingo dute. Gai horri buruzko informazioa emateko egin zuten atzo bilera. Horrez gain, eskuorria ere banatuko dute Ordiziako etxebizitza guztietan, horrela, nahi duen orok, eskuorrian herritarrei egindako galderei erantzuteko aukera izango dute. Jose Migel Santamaria alkateak eta Arantxa Fernandez zinegotziak aurreratu dute ekimen hori.
Azken asteetan San Bartolome auzoan egiten ari diren urbanizazio eta sarbide berrien lanak denbora gutxi barru amaituko dituzte. Santamariak argitu duenez, «eguraldi txarraren ondorioz atzeratu egin dira asfaltatze lanak». Baina pasa den astean, «ostegunean hasi ziren N-1 eta Eroski artean ireki den bide berria asfaltatzen eta dagoeneko ibilgailuentzat irekita dago, aparkalekura igarotzeko». Gainera, «lur azpiko azpiegiturak berritu eta gero, San Bartolome kaleko zoladura jartzen ere hasi ziren pasa den astean». «Helburua, maiatzaren erdialdean amaitzea da» esan du Santamariak.
Bi aukera
Trafikoa berrantolatzeko, bi aukera aztertzen ari da udala; batak, irteerarako noranzko bakarra izango du, Goierri kaletik San Bartolome kalera eta N-1 errepidera. Beste alternatibaren arabera, bi noranzko egongo dira, irteteko eta sartzeko, alegia. Bigarren hori aukeratuz gero, sarrera N-1 errepidetik, merkataritza gunearen ondoan ireki berri den bidetik izango du, auzoko aparkaleku aldera aurrena eta udalerrira ondoren. Irteerak, berriz, orain arte bezala jarraituko luke.
Herritarren iritzia
Eremu honi dagokionez, ordiziarren iritzia jasotzeko asmoz, eskuorriak banatuko dituzte etxebizitzetako postontzi guztietan. Iritzia eman nahi dutenek maiatzaren 7 eta 11 bitartean egin ahalko dute. Horretarako, eskuorria bete eta Majori kiroldegian, Altamira estadioan edota udaltzaingoaren bulegoan jarritako postontzietan utzi beharko da. Toki bakoitzeko or- dutegia, eskuorrian bertan ondo zehaztuta dago.












