Aitor Aldasoro izango da Beasaingo EAJ-ren alkategaia
2019ko maiatzean egingo diren udal hauteskundeetarako alkategaia aurkeztu du gaur Beasaingo EAJk: gaur egun alkatea den Aitor Aldasoro Iturbe. EAJren alkate ohiek (Jose Luis Arriola, Juan Lasa, Joxean Imaz eta Patxi Plazaola), Gipuzkoako Buru Batzarreko Goierriko arduraduna den Karlos Ormazabalek eta Beasaingo Uri Buru Batzarreko Miren Agirrezabalak lagunduta egin dute hautagaiaren aurkezpena Batzokian.
Patxi Plazaola Uri Buru Batzarreko lehendakariak adierazi duenez, zerrenda burua aho batez onartua eta babestua izan da: “Gure ustez ezin dugu alkategai hoberik aurkeztu; esperientzia handia duen pertsona da Aitor, ondo ezagutzen du udala eta baita herria ere; pertsona konprometituta da eta dedikazio osoz ari da udalean lanean hainbat eta hainbat pertsonekin elkarlanean garatutako proiektua aurrera eramateko. Lan bikaina egiten ari zarete udalean, bai zu eta baita zure lan talde osoa ere”. Horrekin batera, “lehen egunetik, elkarlanaren eta elkarrizketaren bideari eutsi diozue alderdi eta talde politiko guztiekin elkarlanean arituz, guztion artean Beasain hobetzearen alde lan egiteko”.
Aitor Aldasorek “pozarren” hartu du bere alderdiaren proposamena, eta “ilusioz” hartu du ardura: “Hasitako bideari jarraipena emateko gogo eta ilusioarekin heltzen dio berriz ere ardura honi. 2015ean aurkeztutako hainbat eta hainbat proiektu gauzatzen ari gara, baina sarritan 4 urte ez dira nahikoak izaten aurrera eraman nahiko genituzkeen proiektu guztiak amaituak izateko”. Adifen eremua eta CAF eta Ezkiaga nabarmendu diu erronken artean.