Aldundiak Zumarragan egingo ditu bide berdeak suspertzeko saioak
Gipuzkoako Foru Aldundiak bide berdeak suspertzeko jardunaldiak egingo ditu datorren ostegun eta ostiralean Antioko interpretazio zentroan. Bide berdeak berreskuratzeko txostenak aurkeztuko dituzte, tailerrak egingo dituzte eta Zumarraga eta Azpeitia lotzen
Gipuzkoako Foru Aldundiak bide berdeak suspertzeko jardunaldiak egingo ditu datorren ostegun eta ostiralean Antioko interpretazio zentroan. Bide berdeak berreskuratzeko txostenak aurkeztuko dituzte, tailerrak egingo dituzte eta Zumarraga eta Azpeitia lotzen dituen bide berdea bisitatuko dute.
Jardunaldi hauek Gipuzkoako Foru Aldundiko Mugikortasun eta Lurralde Antolaketa departamentuak antolatu ditu Etorkizuna Eraikiz proiektuaren barne eta ehun bat lagun elkartuko dira. Helburua mugikortasun jasangarria eta osasungarria bultzatzea da.
Parte hartzaileak
Jardunaldietan garapen agentziek eta turismo eta bizikleta arloko eragileek parte hartuko dute. Egungo bide berdeak suspertzeko eta berriak egiteko lan egingo dute.
Mugikortasun jasangarriaren bidez lanpostuak sor daitezkeela uste dute, gainera. «Turismo jasangarria bultzatu nahi dugu, eskualdeetan enplegua sortzeko. Kultura eta paisaia ondarea berreskuratuko ditugu, bisitariak erakartzeko eta aterpetxe, hotel eta ostatu txikien irekiera bultzatzeko. Bizikletak alokatzeko eta konpontzeko jarduerak ere abian jarriko dira», azaldu du Marisol Garmendia diputatuak.
Beste toki batzuetan bide berdeen inguruan lanpostu asko sortu direla gogoratu du. «Gipuzkoa barnealdeko eskualdeetan aberastasuna sortzeko aukera ona da. Gure inguruan jadanik aukera hori aprobetxatzen ari dira. Araban eta Nafarroan, esaterako. Espainia, Frantzia, Alemania eta Erresuma Batuan ere lanpostu asko ari dira sortzen bide berdeen inguruan».
Egun, Gipuzkoan bost bide berde daude: Irun-Endarlatsa, Andoain-Leitza, Zumarraga-Azpeitia, Pasaia-Arditurri eta Eskoriatza-Soraluze. Guztira 86 kilometro dira.
Zelai Arizti aretoan egingo duten jardunaldian esperientzia ezberdinak azalduko dituzte. Harkaitz Milan Basquetour-eko zuzendariak Euskadi-Nafarroa bide berdea dinamizatzeko planaz hitz egingo du. Nafarroako gobernuko Maitena Ezkutarik Nafarroako bide berdeek EuroVelon duten tokia azalduko du. Gironako bide berdeen partzuergoko kudeatzaileak, Angel Planasek, Olot-Girona bidea nola sortu zen emango du ezagutzera.
Irlandako turismo agentziaren arduraduna, Anna Connor, eta Espainiako bide berdeen eta trenbide turismoaren burua ere, Arantxa Hernandez, Zumarragan egongo dira.
Bizikletaren industria Orbea enpresak ordezkatuko du. Ander Olariaga marketin manager-ak bizikletarekin egiten den turismoa sustatzeko egiten ari diren lanaren berri emango du.