Igandeetan ez dute jai egiten
Olagizonek jaiegun batez burdina lantzeagatik gertatu bide zen mirari batean du jatorria Mirandaola Egunak. Orain, igandero jartzen dute martxan burdinola
Belaunaldi aldaketa Etzi ospatuko den Mirandaola Egunaren atarian, burdinolan egiten duten lanaz hitz egin dute Kepa Mendikute (Elgeta, 1971) eta Antonio Tabuyo (Santibañez de Tera, Zamora, Espainia) olagizonek. Urretxun bizi da lehena, eta ezertxo ere ez zekien burdinari buruz orain lau urte Bellotan lanean hasi zen arte. Bigarrena 13 urterekin iritsi zen Legazpira, eta, urte askoan forjari lanetan aritu eta gero, orain Sidenorren lan egiten du. “Duela lau urte hasi nintzen. Hiru olagizon beterano zeuden orduan, eta bakarra dago orain. Nirekin hasi dira sartu diren azken bostak. Niri erakutsi zidatenak erretiroa hartzen ari dira, eta belaunaldi aldaketa datorrela esan daiteke”, azaldu du Mendikutek. Burdingintzan eskarmentuduna izan arren, Tabuyok hiru hilabete eskas daramatza. “Aurrez ere esan zidaten, baina jende beharra zeukaten orain, eta deitu egin zidaten. Gustura nabil”. Lenbur fundazioa arduratzen da zazpikotearen koordinazioaz, eta, bakoitzaren lan egutegiaren arabera, libre dagoenak jartzen du martxan burdinola. Mendikutek eman ditu ordubeteko bisitaldiaren xehetasunak: “Gu arduratzen gara dena egiteaz; burdinola ireki, ikatza bota, labea piztu, burdina sartu, pintxoa prestatu… Mekanika hartuta daukagu, baina lan asko egin beharra dago jendea etorri aurretik”. Aparteko lantzat dute olagizon modura aritzea, baina ez da diru kontu hutsa: “Hasieran beharbada bai, baina, denborarekin, berezia da burdinola barrura sartu eta garai hura nolakoa zen bizitzea eta jendeari hori adieraztea; xarma dauka”, adierazi du Mendikutek. Langintza berriak oroitzapenak dakarzkio Tabuyori. “Hamabost urte dira forjan lan egiteari utzi niola, eta hemen hastea horretan berriz aritzea bezalakoa da. Ez da lan zaila. Ez da gogorra bost kiloko pieza bat altxatzea; ondo moldatzen gara. Bisitariak, gainera, esker onekoak izaten dira orokorrean”. Olagizon guztiak elkartuko dira etzi; goiza lanean pasatuko dute, eta mahaiaren bueltan kontuak esanez hartuko dute atseden.“Berezia da burdinola barrura sartu eta garai hura nolakoa zen bizitzea, eta jendeari hori adieraztea; xarma dauka”
Kepa Mendikute (olagizona)“Ez da gogorra bost kiloko pieza bat altxatzea; ondo moldatzen gara. Bisitariak ere esker onekoak izan ohi dira”
Antonio Tabuyo (olagizona)