Mikel Mendizabal ordiziarra basozain lanetan aritu da azken 31 urteetan, eta laster hartuko du erretiroa. "Gustatuz gero" lanbide polita dela uste du
Argazkia: Imanol Garcia Landa / Tolosaldeko Ataria
Hilabete honetan hartuko du erretiroa Mikel Mendizabal basozainak (Ordizia, 1955), lanbide horretan 31 urtez aritu ondoren. Aurretik, CAF enpresan aritu zen lanean, mekanikari, baina basozaina izan nahi zuen: “Beti gustatu izan zait naturaren inguruan ibiltzea; basoa eta landaredia gehienbat”. Oposizio edo lehiaketa bidez lortu zuen postua, eta Bidania-Goiatzera joan zen bizitzera; izan ere, udalerri horrez gain, haren lan eremuak Errezil eta Beizama ere hartzen ditu.
“Behar bezala egiteko”, basozain lanak “gustukoa” izan beharra daukala azaldu du Mendizabalek. Ordiziarrak adierazi du bere lanbidea “polita” dela: “Ez du eskatzen oso ahalegin handirik, baina argi dago askoz hobeto egiten dela lan gustukoa izanez gero”. Foru aldundiko langileak dira basozainak, eta hiru motatakoak daude: parke naturaletakoak, faunakoak eta basoetakoak. Azken talde horretakoa da Mendizabal. Halere, nabarmendu du ez dela berdina izaten basoetan lanean aritzen direnen eguneroko lana. “Bakoitzaren eremuan zenbat mendi partikular eta publiko dagoen hartu behar izaten da kontuan”. Basozainak azaldu du partikularrek “tramite lan handia” izaten dutela. “Basoa garbitzeko erre egin behar badute edo bakanduren bat egin behar badute, eskaera egin behar izaten dute”. Horrez gain, lurren jabeek basozainaren bidez eskatu behar izaten dituzte laguntzak.
Baso-lurrak publikoak direnean, berriz, proposamena egin behar izaten zaio baso zerbitzuari lanei ekin aurretik: bideak edo pistak egitea edo konpontzea, garbiketak eta inausketak egitea… “Zerbitzuburuak erabakitzen du zerk daukan lehentasuna, eta gero lanak esleitzen zaizkie enpresei, lurren jabeak diren udalekin adostuta”. Basozainen ardura izaten da lan horiei jarraitzea ere. Alde horretatik, Mendizabalek azaldu du bere eremua “orekatua” dela.
Basozainek “aurkitzeko moduan” egon behar izaten dute eguneko 24 orduetan, eta, asteburuetan jai egiteko, guardiak edo zaintzak egin behar izaten dituzte tarteka, binaka. Mendizabalek jakinarazi du “eremu zabalagoa” egokitzen zaiela horrelakoetan. Lanbide guztiek izaten dituzte alde onak eta txarrak, baita basozainarenak ere. “Guretzat beldurgarria izaten da egun askoan haizeak hegotik jotzea, asko igotzen delako suteen arriskua”. Halakoak “udazken-neguan” gertatzen dira gehienetan. “Hostoak erorita egoten dira, eta erregai ona izaten da hori. Hego haizearekin, hektarea asko erre daitezke edozein txikikeriarekin”.
Mendizabalek ez du batere atsegin “polizia lana” egitea: “Niretzat, norbait salatzea izaten da gogorrena; are gehiago salaketa jarri duzun inguru berean bizi bazara. Tokatu izan zait herriko jendea salatzea, eta gogorra da hori”. Onetik ere badauka, ordea, basozainaren lanak. “Lanbideak naturarekin duen lotura, esaterako”. Horrez gain, lanbideari esker Mendizabalek aukera izan du “oso jende zintzoa” ezagutzeko: “Hasieran, kosta egin zitzaidan harremanak egitea, ez nuelako inor ezagutzen; euskaldun berria naiz, gainera. Urteak pasatu ahala, ordea, gero eta lagun gehiago egin ditut”.
Haizearekin beldurtuta
Atzera begira jarrita, basozainak azaldu du sute batekin izan zuela beldur gehien. “Ez zen izan izugarrizko sutea, baina gogor jo zuen haizeak. Gune txikia erre zen, huskeria, baina bi tonako pinu bat erori zen gu gune horretatik pasatu eta gutxira. Suhiltzaile batzuk ere bazebiltzan han, eta beldurtuta geratu ginen denok”. Hainbesteko soinua ateratzen zuen haizeak, euren artean komunikatu ezinik ibili baitziren; ezta walkie-talkie eta telefono bidez ere. “Ilunpean eta keinuka ibili ginen”. Zauritutako animaliak jasotzea ere tokatu izan zaio tartean-tartean. “Aurreko udan, esaterako, putre bati lagundu behar izan nion. Beldur pixka batekin joan nintzen, nire lana, izatez, ez delako hori, baina oso ondo moldatu nintzen gero”.
Mendizabalek adierazi du basozain lanbidea aldatu egin dela lanean hasi zenetik: “Intsinis pinua landatu eta landatu; jendeak ez zeukan beste gauzarik buruan. Indarrean hazten zen, eta diru asko ematen zuen; ez zegoen zalantzarik”. Zer landa zezaketen galdetzen ziotenean, Mendizabal saiatzen zen intsinis pinua ez zen beste zerbait proposatzen, baina aitortu du alferrik izaten zela.
Basozainak azpimarratu du intsinis pinuaren lehen belaunaldia “oso ona” izan zela. “Baina bigarrena ez, eta hirugarrenean gaitzak zabaldu dira. Kostaldean indar handia hartu du banda marroia izeneko gaitzak, eta gaur egun hemen desagertzen ari da intsinis pinua; inork ez du landatzen jada”. Orain, zedroa, sekuoia, Douglas izaia eta haritz amerikarra ari dira ugaritzen. “Lur-jabe partikularrak, berriz, gero eta gehiago ari dira bertako zuhaitzak landatzen”.
Ordiziarrak azaldu du eukaliptoak ere gora egin duela, kostaldean batez ere. “Azkar hazten da, eta gogoberotuta daude batzuk, baina ikusi dugu gaitz bat sartzen ari zaiola”. Mendizabal ez da eukaliptoa landatzearen aldekoa. “Nire ustez pobretu egiten duelako lurra. Intsinis pinuak pixka bat pobretu zuen lehen, eta eukaliptoak errematea emango dio orain”.