Ordiziarrak "gogotsu" daude igandeko kanporaketari begira
Iritsi da ordua. Hemen dira final laurdenak. Ampo Ordiziak 5. bukatu du liga erregularra, sekulako bigarren itzulia egin eta gero. Eta play offen lehen txanpan, postu bat aurretik gelditu den Senor Independiente izango du aurkari. Igandean da hitzordua, 12:00etan, Santanderreko San Roman zelaian.
Ordiziarrak “gogotsu” daude igandeko partidari begira, eta zaleen laguntza ere ez zaie faltako, klubaren arabera “zale asko” joango baitira Ordiziatik. Bi taldeak oso parekatuta ibili dira ligan, baina denboraldian zehar elkarren aurka jokatutako bi partidak irabazi ditu Ordiziak, puntu alde txikiarekin izan bada ere. Kanporaketa hori gainditu eta Valladolid dute hurrengo helburu Garmendiak eta Marotiasek zuzendutako mutilek.
Bigarren taldea, Galizian
Garabi Goierrik ere hitzordu garrantzitsua du asteburuan, Ohorezko B Mailara igotzeko lehian ari baitira. Galiziako Vilagarcia de Arousa herrian jokatuko dute, bertako Os Ingleses taldearen aurka. Partida “gogorra” izango dela uste dute ordiziarrek, eta garaipena lortzeko “lana gogor” egin beharko dutela. Joan eta etorriko kanporaketa izango da, eta bueltako partida hilaren 13an jokatuko dute 12:00tan, Altamiran.