Beasaingo Udalak, Beasain Kirol Elkarteak eta BKL saskibaloi taldeak euskararen erabilera indartzeko hitzarmena sinatu dute. Eusportek gidatuko du 'Kirola Oinarritik Euskaraz' proiektua
Euskararen erabilera bultzatzeko aurrerapausoak emateko nahiak elkartu ditu Beasaingo Udala, Beasain Kirol Elkartea, BKL saskibaloi taldea eta Eusport enpresa. Aitor Aldasororen esanetan, «euskararen erabilera gune formaletan ematen da eta kezkatzen gaitu, aisian eta egunerokoan euskararen bilakaera horrek ezagutzari ez jarraitzeak». Era horretan, eta 12-14 urte artean hizkuntza ohituretan aldaketak izaten direla kontuan hartuta, kirola aukera da euskararen normalkuntzan eragiteko.
Herritar gehien mugitzen dituzten bi kirol talde aukeratu dituzte. Alkatearen hitzetan, «bi kirol elkarteen artean ia mila haur eta gazte biltzen dituzte baina hauekin lotura zuzena duten herritarren sarea bikoiztu edo hirukoiztu egiten da. Horrek, txertatu nahi den euskara programa berri honi sekulako irismena ematen dio».
Diagnosia, «oso ona»
Kirola eta kirol taldeen funtzionamendua ondo baino hobeto ezagutzen duen Koikili Lertxundi Atlheticeko futbol jokalari ohiak Beasainekin ere aritua zuzentzen duen Eusport enpresa hartu dute gidari lana egiteko. Bi kirol taldeetan euskararen egoera zein den jakiteko jada euskararen presentziaren inguruko diagnosia egin dute. «Orain arte ateratako argazkia oso ona» dela azaldu du Lertxundik, baina, hala ere, badagoela zeregina erantsi du.
Kirola Oinarritik Euskaraz deituriko proiektuak zazpi konpromiso hartzen ditu bere gain, udalaren eta bi kirol taldeen artean sinatutako hitzarmenak jaso dituenak. Udalaren eta kirol elkarteen arteko koordinazioa hobetzeaz gain, formakuntza saio zehatzak eskainiko zaizkie hezitzaileei eta entrenatzaileei ikastaro espezializatuen bidez, «kalitatezko kirol irakaskuntza eskaintzea garrantzitsua baita hainbeste boluntario dauden elkarteetan». Formakuntza hori euskaraz eskainiko dute.
Bestetik, euskarari prestigioa ematea ere badenez konpromisoa,
Baietz lortu bi hilabete euskaraz jolasten erronkarekin, euskarak kirol elkarteen egunerokoan presentzia handiagoa izatea lortu nahiko da. «Elkarteen komunitatea osatzen duten pertsona ezberdinei zuzentzen zaie (jokalariak, gurasoak …). Jolasaren bitartez gauzatuko den ekintza kirol entrenamenduetan eta kirol partidetan eragitea bilatzen du, hizkuntza kodeetan modu naturalean eraginez». Komunikazio planari dagokionean, kirol elkarteen komunikazioan euskara hizkuntza biziagoa izango da helburua. Azkenik, talde guztiek urte osoan egindako lana saritzeko errekonozimendu ekitaldia egitea proposatzen da udalak, antolatzen duen euskararen astearekin lotuta, Euskaraldiaren barruan.
Azken batean, kirol taldeek euskara irizpide estrategikotzat har dezaten lortu nahi da.