Gabiriako Gazte Egunaren hirugarren ekitaldian, 60 bat herritarrek parte hartu dute. Jai giroan lagunartea osatu, eta etorkizunaren zutabe ezinbestekoa sendo dagoela erakutsi dute gazteek.

Herri txikietan, sarri, badirudi etorkizuna ziurtatzeko eginahalean ezinak gehiago direla, abantailak baino. Mamu horiek menperatzen dira batzuetan, hala ere. Herrien biziraupena eta bizia taupadatsu suma daiteke zenbaitetan. Gabiriako Gazte Egunean halako sentipena izan zen, larunbatean. 60 bat gazte elkartu ziren, elkar hartuta, aitzakia baten —festa egitea— eta beste helburu baten —herrigintzarako aktibo izatea— peskizan orekan.
Bostehun bizilaguneko herria izanik, hamarretik bat batu zen jaira, goizean goizetik. Gosaritan, ideiak eta hausnarketa beharrezko direla dastatu zuten: hitz egin zuten, kezkak partekatu, irtenbideak elkarrekin bilatu. Eta hori dena umorez.
Kirol deman,
tandem erako biko bizikleta batekin kronoigoera egin zuten bi bikotek, Ormaiztegitik. Jokin Matxinandiarena-Idoia Maiz (18:03) eta Joseba Iztueta-Eresti Oiarbide (19:36) lehiatu ziren. Diferentzia asmatzeko apustuak (euro 1 botata) jarri zuen bitartean pizgarria. Irabazleak, bildutako dirua Hacheni eman zion, bere auziko epaiaren zigorra arintzen laguntzeko. Elkartasuna ere bai baita xedea.
Elkartean, 60 lagunek bazkaldu, eta bingo umoretsua izan zuten. Arratsaldean, plazan taldekako jolasak. Elkar hobeto ezagutzeko, adinaren lokarriak lotzeko. Lau joko egin zituzten, alai eta errespetutsu. Kontzertuekin bukatu zen eguna, etorkizuneko lehenengoa.