'La musica del viento' liburuaren irakurketa partekatua egingo dute 90 legazpiarrek. Saioa 10:00etan hasiko da azokan. Eskuz egindako alfonbrak zintzilikatuko dituzte inguruko zuhaitzetan
Datorren larunbatean Bidezko Merkataritzaren Eguna da. Legazpin egunaren harira postua jarri izan du Garagunek ostiraleko azokan. Aurtengoan ekintza handiagoa antolatu dute eta uztartu dituzte bidezko merkataritza, irakurketa erraza eta gizarte inklusioa. Legazpiko eragile eta elkarte ugari aritu dira antolaketan eta 90 lagun inguruk parte hartuko dute
La musica del viento irakurketa errazeko liburuaren irakurketa saioan. Etzi izango da azokan, 10:00etatik 12:00etara.
Liburua Jordi Sierra i Fabrak idatzi du eta bi ordutan osorik irakurtzeko astia egongo dela esan zuen Jasone Erostarbe Legazpiko udal liburutegiko langileak atzoko aurkezpenean. Liburuak alfonbrak egiten dituen haur baten istorioa kontatzen du, «haren kasuan ez da bidezko merkataritza, kontrakoa baizik», azaldu zuen Inma Hernandez udaleko ingurumen teknikariak.
Liburuan kontatzen den istorioa baliatuta, irakurketa erraza eta bidezko merkataritza josi dituzte. Izan ere, Isa Sanz udaleko gazteria saileko teknikariak adierazi zuenez, «orain bi urte Garaguneko Asun Jauregiren proposamena jaso genuen eta irakurketa errazaren gaia lantzen hasi ginen». Irakurketa erraza inklusiorako bide gisa ikusi zuten eta erakusketak, hitzaldiak eta prestakuntza saioak egin dituzte, «ordurako gutako batzuk bidezko merkataritzaren gaia lantzen ari ginen».
Joste lanean ari zirenean
La musica del viento liburuarekin topo egin zuten, eta bidezko merkataritzaren egunaren bueltan irakurketa partekatua egiteko aukera aztertzen hasi ziren. Ikastetxeekin harremanetan jarri ziren eta bestelako eragileekin ere bai. Ikastetxe guztiak, Nagusilan, Buztintegi, Santikutz eta Meazti egoitzak, Irule… Denekin hitz egin zuten eta liburuko haurrak alfonbrak egiten dituenez, alfonbrak egiteko eskatu zieten eragileei. Eskaerak arrakasta handia izan du eta etzi azoka inguruko zuhaitzetatik alfonbrak zintzilikatzeaz gain, Legazpiko beste hainbat tokitako arboletan ere ipiniko dituzte.
«Legazpi, herri paregabea»
Jasone Erostarbe liburuzainak ekintzaren azpian dauden balioen artean, irakurketa eskubide gisa ulertzen duena nabarmendu zuen, «eskubide hori ez da beti betetzen zenbait irakurlek ez dutelako irakurtzen dutena ulertzen. Irakurketa errazak zailtasunak dituzten guztiak aintzat hartzen ditu».
Garaguneko kideek ekintzaren antolaketa prozesu guztian parte hartu dutela esan zuen Asun Jauregik eta etziko ekintza garrantzitsua dela zioen arren, «guretzat prozesua oso interesgarria izaten ari da». Bide batez, Legazpi honelako ekintzetarako «herri paregabea» dela erantsi zuen.