Javier Merino: «Hirietako giroa eta jendea margotzea gustatzen zait»
Javier Merino ‘Janariz’ (Zumarraga, 1966) margolariak erakusketa irekiko du bihar, 19:00etan, kultur etxean. Herriko tokiak eta bizilagunak margotu ditu, besteak beste. Nolatan zaletu zinen? Felix Vaqueriza margolaria gure bizilaguna zen
Javier Merino ‘Janariz’ (Zumarraga, 1966) margolariak erakusketa irekiko du bihar, 19:00etan, kultur etxean. Herriko tokiak eta bizilagunak margotu ditu, besteak beste.
Nolatan zaletu zinen?
Felix Vaqueriza margolaria gure bizilaguna zen eta anaiari eta biori eskolak eman zizkigun. Oso umetan hasi ginen. Ipintza etxean bizi ginen. Ondoren, bera Secundino Esnaolara joan zen eta gu Legazpi kalera, baina bere eskoletara joaten jarraitu genuen. Nire kasa ere asko ikasi dut.
Olioz margotzea atsegin duzu.
Denetik probatu dut, baina olioa da gehien atsegin dudana. Akrilikoa asko gustatzen zait, baina azkarregi lehortzen da. Olioarekin, berriz, nahasketa bikainak egin daitezke. Lehortzeko denbora asko behar duenez, zerbait gaizki egiten baduzu, espatularekin kendu dezakezu. Zuzenketa asko egin daitezke eta kolore eta enpaste bikainak lortzen dira. Gainera, behatzekin, trapuarekin, espatularekin… lan egin daiteke. Beste materialekin egin ezin daitezkeen gauza asko egin daitezke eta azken emaitza ikusgarria da. Akuarela ere zoragarria iruditzen zait, baina oso zaila.
Errealismoa lantzen duzu.
Ahal dudan museo eta erakusketa guztiak bisitatzen ditut. Prado, Reina Sofia eta Thyssen museoetan askotan egon naiz eta beti koadro berberak ikusten ditut: Goya, Velazquez, Tiziano, Canaletto, Sorolla, inpresionistak… Horien lanak dira nire arreta pizten dutenak. Madrilera joan nintzen azken aldian Fortuny-ren erakusketa ikusi nuen. Zoragarria da. Bolborarekin leherketak eginez margozen duen txinatar baten koadroak ere bazeuden, baina ez zuten nire arreta piztu. Velazquezen koadro bat ikusten dudan bakoitzean, ordea, lerdea dariala egoten naiz.
Zein gai atsegin dituzu?
Hirietako giroa eta jendea margotzea gustatzen zait. Kostunbrismoa atsegin dut, baina fatxadak eta iturriak ere margotzen ditut. Hori bai, fatxada bat margotzen badut, bizia dariolako da. Nire koadro batean, adibidez, zintzilikatutako arropa ageri da. Paisaiak eta paisaia hilak ez ditut gustuko. Jendea margotzea, ordea, geroz eta gehiago gustatzen zait. Bidegorriko loreak oso politak dira, baina ez zaizkit margotzeko gustatzen. Nahiago dut kafetegi bateko terrazan dagoen kuadrilla bat lehen planoan margotu eta loreak atzealdean utzi.
Hiriak atsegin dituzu.
Madrilera ia hilero joaten naiz, nire emaztea bertakoa baita. Hiriek herriek baino askoz ere joko gehiago ematen dute. Hirietan giro ezberdinak daude, jende ezberdina bizi da…
Kazetaritza argazkilarien antz apur bat duzu.
Fortuny gerra berriemailea izan zen Marokon eta koadro ikusgarriak margotu zituen. Egia esan, kazetaritza argazkilarien antz apur bat badut. Toki guztietara kamera eramaten dut eta deigarria iruditzen zaizkidan gauza guztien argazkiak ateratzen ditut.
Zure koadro ikusgarrienetako batean Madrilgo Sol plaza ageri da.
Eskale bat zegoen eta argazkia atera behar nionean begiratu egin zidan. Kamera mugitu nuen eta panoramika bat atera zitzaidan. Hala, koadroan une horretan plazan zeuden pertsona guztiak ageri dira.
Zure koadroetako batzuetan Urretxu eta Zumarraga ere ageri dira.
Urdangarin burdindegiaren kanpoaldea margotu nuen, Joseba Urdangarinek berak utzitako argazki bat oinarri hartuta. Koadro hori asko gustatzen zait, traste asko ageri baitira. Baita trasteei begira dauden bi pertsona ere. Oso koadro handia da: 1,40 metro zabal eta 0,70 metro altu. Beste koadro batean bidegorria ageri da, elurtuta: emakume bat eta bere alaba, autoak, etxeak… Erakusketan herriko jendearen erretratuak eta Antioko baseliza ere ikusi ahal izango dira. Koadro hau nire arrebarentzat margotu nuen, baina erakusketan jarriko dut. Izan ere, Antio herritar askoren toki kuttuna da.