Maiatzaren 21ean eta 23an epaituko dituzte Madrilgo Auzitegi Nazionalean. fiskaltzak 7 urteko kartzela zigorra, 5 urteko zaintzapeko askatasuna, 13 urtean lanerako inhabilitazioa eta 45.000 euro eskatzen ditu lau gazteentzat.
Beasaingo udaletxeko batzar aretoa jendez beteta zela, hainbat goierritarrek sortu duten
Elkartasunetik konpromezura plataformak agerraldia egin du. Terrorismo gertakariak leporatuta, maiatzaren 21ean eta 23an, herriko gazte bat eta Errenteriako beste hiru gazte Auzitegi Nazionalean epaituko dituztela salatu dute, eta elkartasuna eta gazteen absoluzioa eskatu dute bertan bildutakoek. Gazte beasaindarraren aitak, gizarteari “hausnarketa” egin dezan eskatu dio, “azken urteetan aplikatutako legeek 20 urte atzera egin dugulako eta gertatzen ari diren injustiziak salatzeko”. Agerraldia amaitutakoan, argazki jendetsua atera dute plazako eskaileretan.
«Edozein erakunde eta alderdi politiko alde batera utzita» sortu dute
Elkartasunetik konpromezura plataforma. Hiru helburu nagusi ditu taldeak. Batetik, maiatzaren 21ean eta 23an Madrilgo Auzitegi Nazionalean epaitua izango den Julen gazte beasaindarra-ren beste 3 errenteriar gazterekin batera egoeraren berri ematea du helburua. 2017ko martxoaren 11n Iruñeko manifestazio baten ondoren izandako gertakariengatik auzipetu dituzte Beasaingo gazte bat eta Errenteriako beste hiru.
Bigarren helburua, «prozesua erabat bidegabea» dela salatzea da. Plataformaren esanetan, fiskaltzak 7 urteko kartzela zigorra, 5 urteko zaintzapeko askatasuna, 13 urtean lanerako inhabilitazioa eta 45.000 euro eskatzen ditu lau gazteentzat. Egoera horren aurrean, «prozesu judizialaren eta fiskalaren eskaera erabat bidegabea» dela salatu dute: «Salatuak ez dira erakunde terrorista baten parte, eta gertakariak ez lirateke salbuespenezko auzitegi batean epaitu beharko». Horrez gain, «auzitegi honek ganera, Kode Penalean 2015ean emandako erreformaren aurrean terrorismo yihadista kasuetan ezartzen dituen zigor neurrigabeak Euskal Herrian ematen diren kale gertakarietan ezartzen ditu». Honela, «azken urteotan eta gaur egun Euskadin bizi den egoera soziala eta politikoa kontuan izanda, gertakari horiei terrorismo gertakariak deitzeak elkarbizitza prozesua murriztu egiten du; elkarbizitza prozesu bat estamentu sozial guztietatik orain dela urte asko bultzatzen eta garatzen ari dena».
Eta hirugarrenik, auzipetuei laguntza eta elkartasuna adieraztearekin batera, lau gazteen askatasuna eta absoluzioa ere eskatzen du plataformak: «Gu bezala pentsatu eta sentitzen duten pertsonen laguntza eta elkartasuna eskatzea, gure salaketa ahalik eta erakunde gehienei iristeko, salatuen askatasuna lortzearen alde». Izan ere, «lau gazte hauen eta beraien familien bizitza baldintzatzen du hurrengo hogei urtetan, eta eman daitezken antzeko egoeren aurrean epaileen erabakiak markatzen ditu».