Atzegik Gipuzkoako Kuadrilla Eguna ospatuko du Legazpin etzi. Eguerdian Bikuñan Realeko Liga Genuineko futbol taldea Akitaniako selekzioaren kontra jokatuko du
Adimen urritasuna duten jokalariek jokatzen dute Genuine ligan. Realak ere badu taldea.
Urtean behin Gipuzkoako herri batean elkartzen dira Atzegiko beste herrietako talde guztiak. Aurten Legazpin egokitu da eta hitzordua Genuine Ligan ari den Realeko futbol taldearen partida batekin uztartu dute. Partida 12:00etan izango da Bikuña zelaian. Genuine Ligak kirol inklusiboa bultzatzen du eta adimen urritasuna dutenek osatutako taldeen arteko liga da. Liga izena du nahiz eta lehiakortasuna baino bestelako baloreak bultzatzen dituen eta bertan maila profesionalean ari diren klubetako taldeek jokatzen dute, Realeko taldea barne.
Atzo Kuadrilla Egunaren eta futbol partidaren nondik norakoak azaldu zituzten prentsaurrekoan Legazpiko udaletxean. Agerraldian Koldobike Olabide alkatea, Iñigo Imaz zinegotzia, Patricia Aia Atzegiko ordezkaria, Andoni Iraola Real Sociedad Fundazioko lehendakaria eta Egoitz Ugartemendia partida jokatuko duen taldearen entrenatzailea izan ziren.
Olabidek aurkezpenak egin ondoren, Imazek hitza hartu zuen futbol partida Legazpira ekartzeko ideia nola sortu zen azaltzeko, «Kirola Elkarrekin jardunaldian Liga Genuine-ren berri izan genuen eta haien partida bat Legazpira ekartzeko aukeraz mintzatu ginen Atzegikoekin. Zaila zela jakinda ere, etziko lagunarteko partida ekartzea lortu dugu». Etzi Realeko Genuine Ligako taldeak Akitaniako selekzioaren kontrako lagunartekoa jokatuko du Bikuñan.
Atzegiko Aiak Kuadrilla Eguna eta futbol partida uztartu izanagatik pozik agertu zen, «oso egun berezia izan ohi da, parte hartzen dutenentzat urte osoan elkar ikusten duten egun bakarrenetakoa baita. Bestetik, futbol jokalariekin partekatzeko eguna izango da eta haientzat ere berezia izango da». Guztira 225 lagunek parte hartuko dute Kuadrilla Egunean eta haiekin 50 boluntario inguru egongo dira. Besteak beste, futbol partida eta bazkaria hartuko ditu egunak.
Genuine Liga
Realeko Iraolak Genuine Ligaren berri eman zuen. Espainiako Liga Profesionalak aurten martxan jarritako egitasmoa da, «Realean prest geunden aurretik kirol inklusiboa bultzatzen aritu garelako». Klub profesionalen barruan adimen urritasuna duten jokalariez osatutako taldeak urtean lau aldiz elkartuko dira; azkena falta zaie, bi aste barru Vigon (Galizia) egingo dutena.
«Urritasuna dutenek guk ditugun eskubide berberak dituzte eta ikuspegi horrekin hasi ginen Realean kirol egokitua lantzen», esan zuen Iraolak. Bide batez, Realean kirol inklusiboa bultzatzeko egiten dituzten ekintzak aletu zituen. «Etzi egun inportantea da Realean Xabi Prieto eta Carlos Martinez agurtuko ditugulako eta, baita ere, Legazpin gure taldeak jokatuko duelako».
Prentsaurrekoan hitz egin zuten guztiek CIE Automotive enpresa pribatuak ekintza hauek egiteko ematen dien babesa nabarmendu zuten.