Jon Urdangarin: «Plaza taldeek euskaldundu zuten erdalduna zen plaza»
Drindots taldeak ekin dio jada aurtengo plazako dantzaldien egutegiari. 37. urtea du, eta Jon Urdangarin kantari eta sortzailea izan du lokailu. Euskal Herriko plaza talde ospetsuenetakoa izan zen 1990eko urteetan.
Zer giro zegoen inguruan? Burbuil eta Kea zeuden Beasainen; eta Ataunen, Belarra. Nire ustez, lan handia egin dute plaza taldeek, gure aurrekoek batez ere. Erdalduna zen leku bat, plaza, euskalduntzea lortu zuten. Ikuspegi moderno batekin, gainera. Ordura arte, orkestrek erdaraz jotzen zituzten pasodobleak, txatxatxak eta horrelakoak. Minxoriak, Koska, Bires, Akelarre, Egan, Jaiak eta horiek hasi ziren euskaraz jotzen. Hemengo eta atzerriko musika, baina modernoa. Indar handia zuten orduan. Hori egiten genuen talde gehienok; burutik ez zitzaigun pasatzen besterik egitea. Plaza talde gisa definitu duzu Drindots, baina Euskal Herri osoan izan du sona. Natural sortu zen. Nafarroan jotzen hasi ginen hasieratik, ez dakit zergatik, eta han zabaldu ginen gehien; urte askoan ibili gara inguru haietan. Diskogintzara ere jo zenuten. Lau disko atera ditu Drindotsek. Asmo hori izan genuen urte batzuetan, baina laster konturatu ginen gaitasun handirik ez genuela sortzeko. Geroztik, gai zen jende asko izan dugu taldean. Puri-purian zeudenez, diskoak grabatzen zituzten plaza taldeek ere. Saldu egiten ziren, gainera. Gure soinu teknikari Jokin Garmendiak IZ estudioan egiten zuen lan, eta askotan joaten ginen hara, libre zegoenean. Lau disko grabatu genituen, baina beti esaten dugu besteren bat atera behar dugula. 40. urteurrenerako, agian? Ez dakit. Baina zertxobait prestatu behar izaten da disko bat grabatzeko, eta denbora behar. Plaza talde gisa ondo funtzionatzen genuela konturatu ginen, eta hura egin behar genuela erabaki genuen: jendea dantzan jarri. Hori garbi izan dugu, eta horretan ibili izan gara beti. Berpizten ari al da plaza giroa? Asko aldatu da. Musika munduan sartu nintzenean, tabernetan ez zen izaten musikarik. Jartzen hasi zirenean, hustu egin ziren plazak, jendea tabernetara joan zelako. Kaleko edanaren edo botilatzarraren fenomenoa hasi zenean, toki batzuetan atzera bete egin ziren dantzaldiak. Beste mundu bat ere badago orain: umeena, afalaurre hori. Lehen, inork ez zuen jo nahi izaten hor, baina ordutegi erosoa da, eta esker onekoena ere bai. Izan dira orain baino garai txarragoak. Ez daukazu lehengo garaien oroiminik? Ez. Egia esan, oso ondo pasatu izan dugu, baina orain ere ondo pasatzen dut. Desberdin, baina ondo. Drindots zaharrak deitzen diot guk arrakasta izan genuen urteetako taldeari. Lau eta teknikaria izatetik, boskotea izatera pasatu ginen: Xabi Auzmendi gitarra jotzailea —kantatu ere egiten zuen—, Igor Oiarbide baxu jotzailea, Miguel Angel Caballero bateria, Triku eta ni. Hiru disko grabatu genituen orduan; gure garairik onena izan zen. Oso ondo pasatzen genuen, ondo moldatzen ginelako. Ordu asko ziren elkarrekin. Baina ordukoaren minik ez dut. Gaur egungo Drindotsek musika kalitate handia du, izan ere. Zaila da musikalki konparatzea. Inoiz baino jende prestatuagoa dugu taldean. Autodidakta izan naiz ni, baina musika irakasleak dira oraingo beste lau taldekideak: Joxean Flores bateria, Beñat Barandiaran gitarra, Jon Arruti baxu jotzailea eta Fredi Pelaez teklista. Akordeak, partiturak… idatz ditzakete, eta jotzeko maila oso ona dute. Instrumentuei dagokienez, orain daukagu inoizko maila onena. Lehen, hobeak ginen ahotsetan eta kantatzen, bi taldekidek abesten genuelako, besteak beste. Urte askoan jarraitzeko moduan zarete, hortaz? 35 urterekin erretiratzeko asmoa neukan hasieran. Gero konturatu nintzen beharbada gaizki egina zela kalkulua, eta, 35 urtez musika jotakoan, hor jarri nuen muga. Hori ere pasatu dut. Orduan… 2035 arte? Ez, asko izango da hori. Oso gustura gaude orain. Urtero, urrian edo azaroan elkartu, eta afari bat eginez aztertzen dugu hurrengo urtean zer egin. “Jarraitu egin beharko diagu, ezta?”, esaten dugu. Beste talde batzuetan ere jotzen dute taldekide batzuek, eta askotan pentsatzen dut neure artean: “Hauek zer egiten dute hemen?”. Izugarrizko maila daukate. Baina, era berean, oso ondo pasatzen dugu, eta “kristorenak gaituk” esaten dute haiek ere. Ez da bizimodu nekagarria? Azkenerako nahikoak dira ditugun saioak; beste gauza batzuk egiteko aukera ere badugu, eta bizitzeko ere bai. Oso gauza fisikoa eta nekagarria da musika jotzera joatea, jota egoten naiz hurrengo egunean, baina estresa kentzeko balio dit. Korrika egitera joango dira beste batzuk, eta niretzat berbena batean jotzea da maratoia. Abeslari maratoilaria naiz, gainera: hiru orduz, hiru egunean segidan abesteko dohaina dut; eta, ondoegi kantatu gabe, ia edozein abesti kanta dezaket. Bada, egunez daukazun lana ez da isilik egoteko aproposena; euskara irakasle zara Maizpide euskaltegian. Bai. Normalean ez dut oso altu hitz egiten. Alde horretatik, zortea eduki dut azken urteotan: online egin dut lan, eta zuzendari ere izan naiz beste urte batzuetan. Internet bidez irakasle. Nolatan? Hiru ikas-eredu dauzkagu euskaltegian. Aurrez aurrekoa da bat, eta sei ordu izaten dira egunean; noski, hori da euskara ikasteko modurik onena eta eraginkorrena, ikaslea euskararen munduan murgiltzen delako. Ordukakoa da beste bat, astean zortzi-hamar ordu sartuta. Eta online sistema da hirugarrena. Zer motatako ikasleek jotzen dute Internetera? Baditugu Euskal Herriko ikasleak: Maizpiden izan zirenak, gustura geratu zirenak, eta etxera itzulitakoan gurekin jarraitu nahi izan dutenak. Bide ona da horiekin jarraitzeko. Atzerriko ikasleak dira gainerakoak, Hego Amerikakoak. 2004an hasi ginen. Eta eroso sentitzen zara urrutiko irakas-ereduan? Beti izan dut zalantza musikari edo irakasle, zer naizen gehiago. Bi gauzak gustatzen zaizkit asko, eta biek eskatzen dute jendearekin harremanetan egotea. Aspergarria izango da 30 urtez irakasle gisa beti gauza bera egitea. Horretarako oso leku ona da Maizpide; asko aldatzen dira ikasleak, eta lan mota asko daude egiteko. Zer moduzkoa izan zen zuzendari garaia? Beste lan bat da hori [barrez]. Gauza asko ikasten dira, baina lanbide gogorra da. Gurasoek lan asko egin zuten euskalgintzan; ama Maizpideko sukaldari izandakoa da, eta txikitatik ezagutzen nuen mundu hori. Oso proiektu garrantzitsua da niretzat, eta poza ematen du zuzendari izateak, halako harrotasun bat. Garai zailak tokatu zitzaizkigun, baina pentsatzen dut beti direla garai zailak euskalgintzaren munduan. Lantokian jendea euskalduntzen, eta plazara joandakoan ere euskara zabaldu nahian. Gu Troiako zaldia bezala joaten gara plazara: pixkanaka euskara sartuz. Euskaraz, gaztelaniaz eta Goierriko ingeles-ez dugu errepertorioa [barrez]. Kosta egiten zait agertokian erdaraz egitea, baina toki batzuetan eskatu egiten digute arratsaldean erdaraz abesteko. Abesti asko ez ditugu gaztelaniaz; estrategikoki banatzen ditugu, zerbait egiten dugula emateko. Zaila da batzuetan. Nafarroan askotan gertatu izan zaigu orkestrak egunero erdaraz jarri, egun batean talde euskalduna eraman zinegotziren batek eskatu duelako, eta dantzan ari diren gehienak erdaldunak izatea. Festa giroan daude, edanda… Behin atxilotu ere egin gintuzten ia-ia. Atxilotu? Lizarran. Punk talde bat ari zen jotzen gure soinu taldearekin, udalak antolatuta. Tabernari bat etorri zen udaltzainarekin, eta musika jaisteko esan zigun, terraza hutsik zeukalako kexaka. Ez zegoela altu, eta ezetz esan genion. Bultzatu eta lurrera bota ninduen tabernariak, udaltzainak borra atera zuen, eta eskuetatik kendu zion soinu teknikariak, instintuz. Atxilotu egin zuen, eta taldekideak parrandan, bitartean. Nola bukatu zen? Libre utzi zuten gero. Ikastolakoak ere etorri zitzaizkien kontu eske. Berbena jo genuen gero.«Beti izan dut zalantza musikari edo irakasle, zer naizen gehiago. Bi gauzak gustatzen zaizkit asko»
«Batzuk korrika egitera joango diren bezala, berbena batean jotzea da nire maratoia. Estresa kentzeko balio dit»
MOTZEAN · Erositako lehen diskoa? Errobiren lehenengoa. · Azkena? Leszek Mozdzer piano jotzailearena. · Zuzeneko lehen musika oroitzapena? Lazkaoko jaietako plaza talderen bat, eta Ormaiztegiko Zubipe frontoiko jaialdietakoak. · Zer entzuten duzu autoan? Irratia. Noizean behin, musika; baina oso lasaia. · Zer gailu duzu entzuteko? Gurasoek erosi zidaten dorrea, eta Interneteko aplikazioak. · Musika tresna bat? Gitarra. Lehen, saxoa ere bai; orain, gero eta gehiago, pianoa. · Euskal Herriko plaza bat? Asko dira. Urtero entzuten gaituztenak Lazkao, Etxarri Aranatz, Zarautz eta Eultz. · Festarik onenak? Lagun onak ondoan dituzun edozein lekutakoak. · Urrutien non jo duzu? Necochean, Argentinan, 2011ko Euskal Astean. · Azkena irakurritako liburua? Uxue Alberdiren Jenisjoplin. · Gogoko hitz bat? Harremana. · Irakasle bat? Erramun Amundarain, kantaria orain. · Azkena jaso duzun lorea? Ez utzi herrietako plazak alaitzeari. · Zer mezu bidaliko zenioke euskara ikasi nahi duenari? Zatoz, aberastu egingo zaitu. · Eta ikasi nahi ez duenari? Zatoz, birritan aberastuko zaitu.