Beasaindarrek euripean hasi dute gaur jaietako bigarren eguna; ia 300 haurrek hartu dute parte eguerdiko haurren danborradan.
Goiz ia osoan euriak tregoarik eman ez badu ere, haurren danborradak Beasaingo kaleak zeharkatu ditu. Behar baino ordu laurden beranduago atera da danborrada, 12:15ean, Pergolatik. Irteera lekuz aldatu behar izan dute antolatzaileek – Igartzan zegoen aurreikusita hasiera batean -, eta ibilbidea ere moldatu, eguraldiak hala behartuta.
Pergolatik Basakanaraino jo du danborradak, euripean. Bueltan, Bideluze plazan geldialdia egin dute une horretan ateri une bat izan dela aprobetxatuz. Hiruzpalau pieza jo dituzte danbor joleek. Handik udaletxeko plazara jo dute gero, danborradari amaiera emateko.
Beasaingo lau ikastetxetako haurrek hartu dute parte danborradan: Alkartasuna Lizeoak, La Salle San Jose ikastetxeak, Murumendi ikastetxeak eta Andramendi ikastolak; ia 300 bat haur guztira. Danbor eta upel joleez gain, abanderatuek, eta kantinerek osatu dute segizioa; alkate eta udaleko ordezkari txikiek lagunduta.
Danborradaren argazki galeria ikusi hemen: