«Hazi gehienak enpresa ezberdinek sortu eta manipulatzen dituzte»
Marc Badal (Bartzelona, 1976) jaiotzez hiritarra den arren, 20 urte daramatza Pirinio inguruetan. Gironan eta Huescan bizi izan da, eta orain urte ...
Marc Badal (Bartzelona, 1976) jaiotzez hiritarra den arren, 20 urte daramatza Pirinio inguruetan. Gironan eta Huescan bizi izan da, eta orain urte batzuetatik hona Luzaiden (Nafarroa) du bizitokia. Ingurumen Zientziak ikasi zituen eta agroekologiaren alorreko master bat ere bai. Landa-eremuko bizi esperientziaz artikuluak eta liburuak idazten ditu. Gaur egun, Cristina Enea Fundazioko Haziera proiektuko arduraduna da. Maiatzaren 17an Urretxuko kultur etxean bioaniztasunaz eta bertako haziez arituko da hitzaldi batean.
Nondik datorkizu landa ingurunearekiko zaletasuna?
Unibertsitatea amaitzean, Bartzelonako mugimendu sozial ezberdinetan parte hartzen hasi nintzen, hiriko okupazio-mugimenduan, batez ere. Horretan nenbilela ezagutu nuen Sasé (Huesca) herri okupatua. Guardia Zibilak herria desokupatu behar zuela eta lagun talde bat joan ginen bertara laguntzera. Shock bat izan zen niretzat. Hortik aurrera garbi izan nuen abandonatutako leku horiek errekuperatzen laguntzeko proiektuak bideratuko nituela. Gaur arte.
Landatutako bioaniztasunaz eta bertako haziez hitzaldia emango duzu Urretxun.
Mintzaldian bidaia historiko bat egingo dut, orain 10.000 urtetik gaur artekoa. Nekazariek historian zehar, haziak nola sortu eta mantendu dituzten azalduko dut, baita nolakoa den gaur egun enpresek haziekin egiten duten erabilera ere. Amaitzeko, agroekologiaren mugimenduan sartuta gauden pertsonok gaur egun egiten dugun lana zein den azaltzen saiatuko naiz.
Besteak beste, landatutako bioaniztasunaz ere hitz egingo duzu.
Azken hamarkadetan monolaborantzan espezializatu da gure nekazaritza sistema, eta horrek bioaniztasunari kalte handia egin dio. Garai batean, neurri txikiagoan bazen ere, denetarik pixka bat ekoizten zen leku guztietan. Sistema askoz ere dibertsifikatuagoa zen. Nekazaritza ekologikoarentzat bioaniztasuna bere gakoetako bat da, iraunkortasuna bultzatzeko oinarrizko tresna da.
Bertako haziez ere arituko zara.
Egun, hazi gehienak enpresa ezberdinek sortu eta manipulatzen dituzte, hobekuntza genetikoak lortzeko. Azken batean, barietate berriak sortzen dituzte gehiago ekoizteko helburu bakarrarekin. Hauek, pestizidak, intsektizidak eta ongarri kimikoak behar dituzte, Bertako haziak, bestalde, bertako nekazariek sortutakoak dira, eta ez dute horrelako ezer behar. Gainera, sortutakoek ez bezala, bertako klimara, lurzorura eta kulturara egokitzen dira.
Haziera proiektuko arduradunetako bat ere bazara.
FAO (Nazio Batuen Elikadura eta Nekazaritza erakundearen) arabera, mundu mailan, tokiko hazien barietate guztien %75 galdu da. Hazieran, hain zuzen, oraindik orain dauden hazi horiek mantentzeko lan egiten dugu. Horretarako hitzaldiak eta ikastaroak ematen ditugu. Haziak nahi dituenaren esku daude, hartu eta bere lursailean landatu ahal izateko.