Itsasondoko pilotalekua berritzeko ituna sinatu dute udalak eta aldundiak
Proiektuak 402.000 euroko aurrekontua du, eta aldundiak 162.000 euro jarriko ditu. Pilotalekua herriko topagune garrantzitsua denez, irisgarritasuna hobetzea da asmoa a. vierbücherAxier Garro Itsasondoko alkateak eta Denis Itxaso Gipuzkoako Foru Aldun...
Proiektuak 402.000 euroko aurrekontua du, eta aldundiak 162.000 euro jarriko ditu. Pilotalekua herriko topagune garrantzitsua denez, irisgarritasuna hobetzea da asmoa a. vierbücher
Axier Garro Itsasondoko alkateak eta Denis Itxaso Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura eta Kirol diputatuak hitzarmena sinatu dute, Errota pilotalekua berritzeko. Proiektuak 402.000 euroko aurrekontua du eta Aldundiak 162.000 jarriko ditu.Errota pilotalekua 1989an eraiki zuten, Ignacio Diaz Goena arkitektoak egindako proiektuarekin. Perimetroan hiru horma ditu: frontisa, ezker horma eta errebotea. Laugarren aldean arkupea du, plaza aldera. 36 metro luze, 14 metro zabal eta 12 metro altu da.
Gaur egun, kantxaren eta plazaren kotaren artean bi metro inguruko aldea dago, eta tarte horretan zementuzko bost harmaila daude. Hori dela eta, pertsona batzuek ezin dute kantxara jaitsi, eta kantxaraino ibilgailuz iristea eskatzen duten ekitaldiak ere ezin izaten dira antolatu.
Egoera horri irtenbidea emateko, alternatiba desberdinak planteatu ziren, eta 2017an herritarren partaidetza bidezko bozketa egin ondoren, aukeratu zen proiektua burutuko da: kantxa plazaren mailaraino igotzea.
Frontoia gehien erabiltzen dutenak herriko bizilagunak dira. 19:00ak arte eskolako umeek izaten dute lehentasuna, sarritan gorputz hezkuntzarekin zerikusia duten jarduerak egiteko erabiltzen baitute frontoia.
Kirolari lehentasuna
Kirol ekipamenduak birmoldatu, berritu, ordezkatu eta lekualdatzeko 2017-2020 aldiko Gipuzkoako Kirol Ekipamenduen Planaren esparrutik jasoko du Itsasondok laguntza. Gipuzkoako Foru Aldundiak hainbat inbertsio finantzatuko ditu herrialdeko kirol azpiegiturak hobetzeko. Hala, gipuzkoarrek jarduera fisikoa eta kirola egiteko duten premiari erantzuna ematea da asmoa. Aldundiak lehentasuna egungo ekipamenduak berritu eta birmoldatzeari eman dio, instalazio berriak eraikitzeari eman ordez.
Itxasok nabarmendu duenez, planak 55 udalerriri eta 567.000 biztanleri eragingo die; «hau da, Gipuzkoako biztanleen % 80ri; guztira 53,8 milioi euroko inbertsioa egin da, eta aldundiak 10,6 milioi euroko laguntza eman du».
Foru aldundiak «adin guztietako, edozein sexutako eta jatorri guztietako herritarrek instalazio egokiak izan ditzaten eta horietara sarbidea izan dezaten» nahi duela gehitu du Itxasok, «haietan kirola edo gainerako aisialdiko jarduerak egin ahal izateko eta, horrela, haien bizi kalitatea hobetzeko».
Bai Itsasondoko Udalak, bai aldundiak «lankidetzari balorazio ona» eman diote, eta adierazi dute «bizi ditugun garai hauetan, baliabide publikoak modu eraginkorrean eta jasangarrian erabiltzea, erakundeen arteko lankidetzatik abiatuta inoiz baino beharrezkoagoa» dela.












