Aldundiak Zegamako sarrerako errepidea hobetu eta bidegorria egin du
Gipuzkoako Foru Aldundiak Zegamako sarrerako errepidea hobetu du eta industrialdetik herrira bidegorria egin du. Hala, Zegamatik Idiazabaleraino bidegorritik joan daiteke. Errepidea zabaldu egin dute (errail bakoitzak hiru metroko zabalera du) eta bidegorriak ere hiru metroko zabalera du. Aldundiak 1.160.000 euroko inbertsioa egin du. Obra espero baino bi hilabete beranduago bukatu da, eguraldi txarra dela eta.
Aintzane Oiarbide Bide Azpiegituretako diputatuak Zegama bisitatu du gaur goizean. “Guretzat pozgarriena jendea pozik dagoela da. Luxuzko obra da. Baserrien sarrerak hobetu ditugu eta oinezkoek arriskurik gabe ibiltzeko aukera dute. Argi gehiago jarri behar dugu. 1.160.000 euroko inbertsioa egin dugu. Gipuzkoako toki gutxitan egin ditugu halako inbertsioak”.
Joseba Izagirre alkateak eskerrak eman dizkio aldundiari. “Auzo honen izena Kaleko da eta obra honi esker herrigunetik gertuago dago. Gainera, bidegorriak herrigunea industrialdearekin lotzen du. Oso jende gutxik du lanera oinez joateko aukera eta, obra honi esker, orain arte baino zegamar gehiago dira hori esan dezaketenak. Zegamarron bizi kalitatea asko hobetu da. Gure eskaera nagusia zen eta gure ametsa bete dugu”.