Denok Beitiara… eguraldi ona egin behar du eta!
Maiatzaren erdialdean egon eta txamarra kendu ezinik oraindik. Non dago eguzkia? Ihes egin al du? Hil egin al da? Ez, bizirik dagoela dirudi. Hori diote eguraldiaren iragarpenek behintzat. Asteburu honetan
Maiatzaren erdialdean egon eta txamarra kendu ezinik oraindik. Non dago eguzkia? Ihes egin al du? Hil egin al da? Ez, bizirik dagoela dirudi. Hori diote eguraldiaren iragarpenek behintzat. Asteburu honetan eguzki izpiekin gozatzeko aukera izango da eta apur bat berotuko du, gainera. Udaberriaz gozatu ahal izango da, azkenean. Igandean Iñaki Beitiaren omenezko mendi martxa egingo dute Urretxu eta Zumarragan. Udaberriaz gozatzeko aukera paregabea.
Aurtengoa Beitiaren omenezko 22. mendi martxa izango da. Azken edizioetan bezala, ibilbide bakarra egongo da. 30 kilometroko luzera eta 1.600 metroko desnibela edukiko du. Mendizaleak 07:00etatik 07:30era bitartean abiatuko dira, Areizaga-Kalebarren plazatik.
Parte hartzaileak Beloki, Pagotxeta, Samiño, Aizpurutxo, Elosua, Gorla, Trekutz eta Irimotik pasako dira. Pagotxeta, Aizpurutxo eta Trekutzen anoa-postuak egongo dira.
Gainera, bukaeran pintxo bana emango diote parte hartzaile bakoitzari eta sorpresa bat egongo da. Kanpotik datozenek, La Salle-Legazpi ikastetxeko eta Lizeoko patioetan aparkatu ahal izango dute.
Parte hartu nahi dutenek, Urretxu eta Zumarragako kiroldegietan eta beitia.org webgunean eman dezakete izena. Gaur da webgunean izena emateko azken eguna. 15:00etan itxiko dute webguneko izen-ematea. Egunean bertan ere egin ahal izango da, irteera puntuan.
Antolatzaileak urtero ibilbidean berrikuntzaren bat egiten saiatzen dira eta aurten ere egin dute. Lehenengoz, Aizpuru baserritik pasako dira. Bertatik igoko dira Belokira.
Aizpuru baserria oso toki berezia da, Urretxu eta Zumarragako ia toki guztietatik ikusten baita. Eta bertatik Urretxu eta Zumarraga primeran ikusten dira. Baserrikoek begiratoki eder bat egin zuten: bi herriak Igeldotik Donostia bezain ederki ikusten dira.
Ez da hori aurtengo ibilbideko berrikuntza bakarra izango. Uda txabolatik Pagotxetara doan bide bat garbitu dute. «Urtero ibilbidean berrikuntzaren bat egiten saiatzen gara, jendeak bide berriak ezagutu ditzan», azaldu du Luis Albisua antolakuntzako kideak.
Izen-ematea martxa onean doa. Dagoeneko 500 lagun baino gehiagok eman dute izena eta 1.000 mendizale baino gehiago elkartzea espero dute. «Eguraldi ona iragarri dute eta jendea animatu egin dela dirudi», aipatu du Albisuak.
Ez da harritzekoa… praka motzak eta mauka motzeko kamiseta jartzeko dagoen gogoa jasangaitza da! Ez litzateke harritzekoa izango mendizaleak zelairen batean etzatea eguzkia hartzeko!