Harmaila mugikorra da, 103 pertsonentzako eserlekuak ditu eta udalaren jabetzakoa da. Loinatz jaietako Dantzaki dantza eskolaren ikuskizunean estreinatuko da gaur gauean.
Gernika pasealekuko pilotalekuan, ekitaldietarako harmailak jarri znituzten asteazkenean.
Beasaingo Gernika pasealekuko pilotalekuan egiten diren ikuskizunetan eta ekitaldietan “espazioaren aprobetxamendua eta erosotasuna” hobetuko dituen azpiegitura berria erosi du udalak.
Udalaren esanetan, “Loinatz jaietako bi ekitaldi nagusietarako muntatu da. Estreinaldi ofiziala gaur gauean izango da, Dantzaki dantza eskolak azken urteetako ohiturari jarraituz eskainiko duen ikuskizunean. Eta igandean izango den herri-kirol saiorako ere jarrita egongo da”.
Harmaila berria udalak jabetzan erosi du eta jende kopuru ugari biltzen den ikuskizunetarako zuzenduko den azpiegitura izango da. “Bertan eseriko den jendeak leku eta ikuspegi eroso bat izango du bertatik. Mugikorra da, muntatu eta desmuntatu egin daiteke, 14 metroko luzera du eta 103 pertsonentzako eserlekuak ditu”. Harmailaz gain, biltegiratzeko materiala, kaiolak, garraiorako tresnak eta abar osatzen dute azpiegiturako osoko elementuek eta bere kostua 14.000 eurokoa izan da.
“Herritarren mesederako zuzentzen duen beste baliabide berri bat izanik eta leku ireki eta publikoetan egongo denez, arduraz eta zentzuz erabili eta zaintzeko eskaera” egin nahi du udalak, “bere erabileraz ahalik eta luzeenen goza dadin”.