«Mendebaldeko Saharak duen okerrena da ikaragarri aberatsa dela»
Zoria kasualitatez beteta dagoela eta, Gurutze Irizarren (Ormaiztegi, 1951) bizitzaren nondik norakoaren lehenengo geldialdia Tenerife (Kanariar Uharteak) da, han lotu baitzen ...
Zoria kasualitatez beteta dagoela eta, Gurutze Irizarren (Ormaiztegi, 1951) bizitzaren nondik norakoaren lehenengo geldialdia Tenerife (Kanariar Uharteak) da, han lotu baitzen betiko saharar herriarekin. Maitasunak, elkartasunak eta mundua toki hobeagoa izan zitekeenaren sinesmenak bultzatuta bizi izan da eta bizi da. Aitzitik, Saharako egoeraren konponbidea artean ikusi ez izanak etsipenetik baino gertuago, ukitu zinikoa erantsi dio; ez dago jada sinisteko. Galerek ere ukitu dute eta galera bakoitzak marka bat utzi dio azalean. Markak marka, Irizarrek emakume indartsua dirudi bere etxeko egongelan bere istorioa kontatzerakoan eskuekin keinuak egiten dituen bitartean. Bere istorioa historiaren zati bat da. Gurutze Irizar da eta Fatimetu da bere izen sahararra. Zumarragako Ospitalean erizain lanean aritu da duela bi hilabete jubilatu den arte.
Goazen Tenerifera. Zein urtetan joan zinen?
1973an, Iruñean erizaintza ikasketak amaitu eta Tenerifera joan nintzen lanera. Han ikasle sahararrak ezagutu nituen, Mendebaldeko Saharatik kanpo ikastera ateratzen ziren lehenak ziren, ordura arte ez zieten uzten. Tartean, Mohamed Salem Hach Embarek zegoen, nire senarra izango zena.
Urte hartan sortu zuten Fronte Polisarioa, Nazio Batuen Erakundean (NBE) Deskolonizazio Batzordea martxan zen eta Afrikako estatu asko deskolonizazio prozesuan zeuden; sahararrak ere hor tartean zeuden. Ni nola hala horretan guztian inplikatu nintzen. Orduan Franco diktadorea gaur bezala bizi-bizirik zegoen.
Madrilgo Hiruko Akordioaren –Espainia, Maroko eta Mauritania– eta Martxa Berdearen lekukoa izan zinen.
Hiruko akordio harekin (1975eko azaroaren 14an sinatu zuten) Espainiak Mendebaldeko Sahara entregatu zuen; iparraldea Marokori eta hegoaldea Mauritaniari.
Martxa Berdeari dagokionez (Madrileko akordioaren aurretik hasi zen, 1975eko azaroaren 6an), bi martxa egon ziren. Bata erakutsi zigutena, non marokoar gizagaixo batzuk Hassan II.a erregearen argazkiak eskuetan zihoazen. Bestea armaden martxa izan zen. Hura ez ziguten erakutsi. Marokoarrak iparraldetik eta Mauritaniakoak hegoaldetik, sahararrek alde egin behar izan zuten eta Aljeriako kanpalekuetara iritsi bitartean napalmarekin eta fosforo zuriarekin eraso egin zieten.
Gertutik bizi izan zenuen hura guztia, ezta?
Ni Parisetik (Frantzia) Aljerrera (Aljeria) eta handik kanpalekuetara joan nintzen. Laguntzen aritu nintzaien basamortuan zeudenei. Iritsi ziren kanpalekuetara, baina hango egoera lazgarria zen oso. Gizonezkoak frontean zeuden eta basamortuan kanpalekuak antolatzea sekulako erronka izan zen. Eskolak, elikagaiak, ura, osasuna… Hori guztia gerrari eutsiz. Orduko bizimodua oso gogorra izan zen. Oraingoa hala bada, pentsa garai hartakoa.
Gazte-gaztea eta emakumea zinela hartu zenuen han egoteko erabakia.
Ez zen erabaki kontzientea izan. Han egon behar nuen eta kito.
Urte luzez bizi izan zinen Tindufeko kanpalekuetan.
Bai, 1988ra arte. Alaba kanpalekuetan hazi zen eta semea jaio baino pixka bat lehenago itzuli nintzen Ormaiztegira. Itzuli baginen hango arazoa konpondu bidean zela uste izan genuelako izan zen. NBE tartean zen, erreferenduma egingo zutela zioten… Gu Ormaiztegira itzuli ginen pentsatuz gauzak konpontzean Saharara bueltatuko ginela. Ez da, baina, orain artean konpondu.
Zergatik esango zenuke ez dela konpondu?
Mendebaldeko Saharak duen okerrena da ikaragarri aberatsa dela. Oraindik ukitu gabe dauden petrolioa eta uranioa ditu, zer esanik ez arrantza eta fosfatoak… Makropolitikak agintzen du. Frantziak NBEko saiakerei betoa jarri die beti eta Amerikako Estatu Batuak ere hor tartean izan dira beti, ez baitute nahi Sahara Mendebaldean dagoen aberastasun hura guztia inork ukitu dezan.
Etsita al zaude?
Ez da hori hitza. Nik honezkero aspaldi konponduta neukan Saharakoa. Joan eta negoziatu petrolio enpresa batekin eta honela esan: «Eraman petrolioaren %40 baina trukean babestu ezazue gure lurraldea». Marokoarrekin sekula ez dira sahararrak akordio batera iritsiko; marokoarrak, gainera, asko dira eta sahararrak, aldiz, lau katu. Haatik, sahararrek badute euren babesa zerekin erosi… Akaso, nire analisia sinplea da, baina gauzak konpondu ezean azkenean beste Palestina bat sortuko da.
Nork daki, beharbada, halako batean makropolitikan hari bat mugitu eta dena aldatuko da. Dena dela, nik ez dut izan denbora asko analisi sakonik egiteko. Lana, umeak, senarra gaixotu zen, gero joan zen… Baina tripek hasieratik esan didate hango egoerak ez zuela itxura onik. Baikorragoa izan nahiko nukeen arren, ez dut argi askorik ikusten.
Espainiaren rola ez da nolanahikoa.
Ez. Madrileko akordioaren garaian Mendebaldeko Saharan gerra bat-edo sortuko zenaren beldur –Franco hilzorian zegoen orduan– handik hanka egin zuten, baina irtete hura ez zuten ondo egin. Adibide bat da Saharako itsas-urena. Ur haiek Espainiaren menpeko urak dira eta Espainiak, Europar Batasunak, Marokori ordaintzen dio ur haietan arrantza egiteagatik, ur horiek Espainiarenak direnean!
Espainiarenak?
Ez da ulertzeko erraza, ez baitauka inongo zentzurik (Nazioarteko zuzenbideari dagokionez Espainia Mendebaldeko Sahararen potentzia administratzailea da Madrileko akordioak ez ziolako hango subiranotasuna beste inori eman). Atzetik ze akordio klase egongo da? Zer dauka Espainiak Marokorekin? Nortzuk ateratzen diote etekina?
Eta Nazio Batuen Erakundeak zer egin du?
Minurso (Sahara Mendebaldeko Erreferendumerako Nazio Batuen Misioa) dago, baina inork ez daki zertarako, Marokok beti esan baitu ez duela sekula erreferendum bat onartuko.
Gaurko egoera kanpalekuetan nola ikusten duzu?
Guk mugako egoera bizi izan genuen. Gerra garaia zen eta gaueraino bizirik iritsiko ote zinen zen buruan zenuena. Urte gogorrak izan ziren. Neguan izotza eta udan kiskali egiten zinen. Baliabide gutxi zegoen eta, aldi berean, gerrak iraun zuen bitarte hura gaurko egoerarekin alderatuta ba ez dakit… Ez dakit azken urteotako impasse hau gogorragoa ez ote den. Haiek behar izanez gero 100 urte ere itxarongo dutela diote, baina kanpalekuetan jaiotako lehen belaunaldiak 43 urte ditu jada. Batzuek oso argi dute han geratu nahi dutela eta beste batzuk joan egiten dira.
Hemen egonda erraz hitz egin daiteke gauzak azaletik ikusita, baina hiru egunerako joan gabe, egon zaitez han eguna joan eta eguna etorri aurrean inolako perspektibarik ez duzula… Egia da, bestalde, gerrara itzultzea ere ez dela irtenbidea. Izan ere, gerran gertatzen dena… Edonola ere, mendebaldearentzat oso erosoa da egungo egoera. Han isilik daude, ez dute zaratarik egiten eta egoera ez da aldatzen.