Museoak agerian
Maiatzaren 18ko Museoen Nazioarteko Eguna aitzakia paregabea izan daiteke Goierriko barruko altxorrak ezagutzeko. Igartubeitin musika izango da gidaria.
Egun bakarra, asteburua, aste osoa… ...
Maiatzaren 18ko Museoen Nazioarteko Eguna aitzakia paregabea izan daiteke Goierriko barruko altxorrak ezagutzeko. Igartubeitin musika izango da gidaria.
Egun bakarra, asteburua, aste osoa… Bakoitzak erabakitzen du nola eta zein iraupenarekin, baina azken urteetan asko hedatu den ospakizuna da Museoen Nazioarteko Egunaren ingurukoa. Maiatzaren 18a da egun seinalatua, 1977tik, eta museoek gizartearen bilakaeran duten garrantzia ezagutaraztea da helburua.
Museoen egunak Goierrin ere badu oihartzuna. Ate irekien egunak, sarrerak dohain, ekintza bereziak… aparteko aukerak dira eskualdean museoen barruetan dauden altxorrak, ezagutzeko eta gozatzeko. Ezkioko Igartubeiti da egun horren ospakizunera elkartu den museotako bat, eta ohiko ate irekien jardunaldiez gain, musika eta soinua protagonista izango dituen ekitaldi bat antolatu du maiatzaren 19rako.
Musika, jolasa, hitza
Aurten, Museo hiperkonektatua;?ikuspuntu berriak, ikuslego berriak leloa aukeratu dute, eta horri jarraiki, Igartubeitik musikaren eta soinuaren bidezko bisita eskainiko du baserri-museoa erakusteko. Juan Mari Beltranek eta Errege Beldak osatutako bikotea izango da gidaria. Euskal Herri musikaren hots-larretan da Beltranek eta Beldak eskainiko duten ikuskizuna. Hitzordua 16:30ean izango da baserrian bertan;?iraupena ordu eta erdikoa da, eta sarrera doan.
«Proiektu honek gure inguruko txoko eta landetan sortutako hots, doinu eta kantuetan oinarriturik, musika, jolasa eta hitzen arteko topaketa bat izan nahi du». Hala deskribatzen dute sortzaileek ikuskaria.
Doinuak eta hotsak
Dantza doinuak, jolas doinuak eta kantak, mendiko eta kaleko kutsua duten doinu eta erritmo zahar nahiz berriak, doinuz, erritmoz eta hitzez osatutako poesia… Osagai horiei guztiei hotsak gehitzen zaizkie: Isturitzeko harpeetako hezurrezko flautak eta arrabitaren hots barnerakoiak, txorien kantuen tankerako xirularen txioak, erritmoa markatzen duten danbolina eta ttunttuna, txalaparta eta akordeoiaren botoien saltoak, albokaren harrabotsa eta xirolarruaren oihua, txistua, dultzaina eta tronpa.
Beste museoak
Ezkion ez ezik, Goierriko gainerako museo eta interpretazio zentroetan ate irekien saioak eta bestelako ekitaldiak egingo dituzte Museoen Nazioarteko Egunean.
- Urrelur Museoa, Urretxu. Maiatzaren 18an, 12:30ean, museoari Jose Antonio Aureasanzek egindako donazioaren aurkezpena; 17:00etatik 20:00etara sumendi tailerra. Maiatzaren 26an, txango mineralogikoa Kantabriako Udias bailarara.
- Lizarrusti-Barandiaran, Ataun. Maiatzaren 20an, ate irekien eguna Barandiaran museoan eta Lizarrustin. Narrasti eta anfibioak ezagutzeko ibilaldia Lizarrustin.
- Anduetza, Zegama. Maiatzaren 20an, ate irekien eguna.
- Zumalakarregi, Ormaiztegi. Maiatzaren 18an sarrera doan. Maiatzaren 19an eta 20an sarrera doan eta bisita gidatuak (11:00-12:30-17:00). Maiatzaren 19an Tintarekin jolastuz tailerra.
- Burdin Harana, Legazpi. Maiatzaren 20an, emakumeak protagonista direla, bisita Chillida Lantokira, Ricardo Mediavillaren forja tailerrera eta Jua Mari Burguera eskultorearen erakusketa aretora.
- Gaztaren Interpretazio Zentroa, Idiazabal. Maiatzaren 19an eta 20an, ate irekien egunak.
- D’elikatuz Zentroa, Ordizia. Maiatzaren 19an eta 20an, ate irekien egunak. Bi egun horietan Ordiziaren erdigunea museo bilakatuko da 1835eko setioaren antzezpena dela eta; bisita gidatuak egingo dira.
- Antio Interpretazio Zentroa, Zumarraga. Maiatzaren 18an, 19an eta 20an, ate irekien egunak.