Ordizia setiopean
Lehen Karlistaldian, Ordizian gotortuta zeuden liberalen aurka setioa egin zuen Tomas Zumalakarregik. Laguntzera zetozen indarrek huts egin ondoren, Deskargako sasi-bataila tarteko, hirietara murriztu ...
Lehen Karlistaldian, Ordizian gotortuta zeuden liberalen aurka setioa egin zuen Tomas Zumalakarregik. Laguntzera zetozen indarrek huts egin ondoren, Deskargako sasi-bataila tarteko, hirietara murriztu ziren liberalak, 1835ean.
Tomas Zumalakarregi jenerala buru zuen gudaroste karlistak Ordizia setiatu zuen, 1835eko maiatzaren bukaeran. Harresitutako hiria zen Ordizia: «Hiribildua horma altu batek inguratzen zuen, sendoa, eta haren inguruan babes-erreten bat zulatu zuten. Ateak itxita zeuden, burdin-xaflak kantoika jarrita, lokatzik gabe eta erreten bikoitzarekin eta frisiar astoak kokatuta», kontatu zuen Charles F. Henningsek The Most Striking Events of a Twelvemontzh’s Campaign with Zumalacarregui liburuan. Goierriko liberalak han gotortu ziren; karlistak eta hala izateko susmoa zeukatenak kanporatu zituzten.
Lehen Karlistaldiko (1833-1839) setio eta bataila entzunenetako bat gertatu ziren garai hartan Goierrin, karlisten aurrerabide militar geraezinean.
Nafarroatik iritsi zen Zumalakarregiren ostea, maiatzaren 25ean. Ameskoako bataila irabazi berri ziren karlistak. Urte hasieran, 1835eko urtarrilaren 3an, berriz, Ormaiztegiko Espainola mendietan jipoia eman zien Zumalakarregiren armadak liberalei. 500na soldadu hil ziren, alde banatan.
Lurralde irekietako guduak galdu ahala, liberalak hiri eta gotorlekuetara bilarazi zituzten. Ordizia zen hiri horietako bat. Tolosa eta Bergara ere artean liberalen esku zeuden. Landa zabalaren kontrola eskuratuta, helburutzat hiriak hartu zituen Zumalakarregik.
Ordizia inguratu, eta bederatzi kanoiekin setiatu zuen. Setioak zazpi egun iraun zuen. Eten egin behar izan zuten tartean, eguraldi txarragatik. Defentsa goarnizioa, erreginaren aldeko 300 soldadu liberalek eta beste 300 urbanok (herritar milizia) osatzen zuten.
Karlisten lehen erasoaldian, gauez, atetik 50 metrora zeuden etxe batzuk hartu zituzten. Artilleriarekin eraso zuten ondoren, eta harresian zulo bat ireki zuten. Errenditu ezean, asaltoan hartzea zen Zumalakarregiren asmoa. Gipuzkoako 1. batailoia joango zen aurrena, isilpean eta eskalekin; atzetik, Nafarroako hiru batailoi.
Lehen erasoan, huts
Bi edo hiru gizon hil, eta bi konpainiak atzera egin zuten, asaltoari uko eginda. Zumalakarregi sutu zuen horrek: ofizialak jo zituen, eta hamar gizonetik bat fusilatzeko agindu zuen, zotz eginda, «koldarkeriagatik».
Nafarroako batailoiak bidaltzeko berandu zen jada, hiriaren defendatzaileek zuloa itxi zutelako. Biharamunean, Gida konpainiako Lachica kapitainak hartu zuen asaltoaren ardura, 120 gizon «boluntariorekin». Bezperan zigortutakoei bizitza barkatzeko eskatu zion jeneralari, asalto berrian aurrean joatea proposatuta; onartu zion. «Asaltorako aukeratutako guztiak, egun osoan erreka bazterrean egon ziren, edaten, abesten eta umore oso oneko», dio Henningsek, liburuan.
Gauean, ordea, ez zuten jotzeko agindurik jaso. Zumalakarregik bazekien Esparto liberala bidean zela.
Laguntza bidalita, erkin
Liberalek, euren aldetik, Bergaratik eta Tolosatik gudarosteak bidali zituzten, Ordiziako defentsaren indargarri izateko. Valdes jeneral liberala Iruñean zegoen, eta Ameskoako porrotaren ondotik, borrokarako grina handirik gabe. Sakanaraino hurbildu zen, baina han zegoen dibisio karlista batek uxatu zuen berehala, atzerantz.
Esparterok 7.000 gizon batu zituen, Bilboko eta Donostiako goarnizioetatik, eta Bergaratik abiatu zuen mugimendua. Ezustean harrapatu nahi zuen Zumalakarregi, eta Deskargan (Urretxu) kokatu zuen gudarostea. Gaspar Jauregi Artzaia urretxuarra, berriz, Donostiatik Tolosara gerturatu zen.
Zumalakarregik, bi zutabe bidali zituen, norantza bakoitzean: Gomez Tolosara, Artzaiari eusteko; eta Eraso Urretxura, Espartero oztopatzeko.
Ekainaren 2ko gauean, sekulako ekaitza lehertu zen. Erasok Bizkaiko lantzari talde bat eta Arabako Gidak Deskargarantz bidali zituen, errekonozimendura. Gauaren eta ekaitzaren erdian, liberalen kanpalekuaren erdiraino sartu ziren, ustekabean. Karlisten erasoaldi gogorra zelakoan, erretiradan eta desordena erabatekoan Beragarara atzeratu ziren liberalak.
Ia nahi gabe, karlista talde txiki batek guradoste liberal bat desegin, eta bi mila soldadu preso hartu zituen. Gainbehera ikusita, Artzaia Donostiara itzuli zen, Valdes Iruñera eta Espartero Bilbora. Ordizia ekainaren 3an errenditu zen, setioa bukatuta; jarraian Bergara, Tolosa, Eibar, Irun eta Durango. Liberalak hiriburuetara bildu ziren.
Karlisten eta liberalen arteko guden errekreazioa, Jose Mari Tuduri buru
Ordizian, maiatzaren 19an eta 20an, 1835eko setioaren errekreazio historikoa ikusteko modua izango da, benetako gertakarien agertoki berean. Jose Maria Tuduri (Tolosa, 1949) zinema-zuzendariak eta XIX. mendearen zaletuak gidatuta, 200 bat lagunek parte hartuko dute liberalen eta karlisten borrokaren antzezpenean. Larunbatean, partaideak 10:00etan iritsiko dira, eta 13:00ak arte unitateen formazioa eta instrukzioa egingo da. Tropa karlisten kanpalekuaren muntaketa Barrena parkean (11:00), tropen eta Beti-Argi bandaren desfilea (13:00), eta hiriaren setio antzezpena Barrena parkean (18:00-20:00) izango da.
Tudurik karlistaldiei buruz bi film ditu eginak: ‘Cronica de la Guerra Carlista’ (1988) eta ‘Santa Cruz, el cura guerrillero’ (1990). Grabazioetako jantzi eta material ugari dauka.
Igandean, ‘1835eko setioa’ hitzaldia eta bisita gidatua zuzenduko dute Nerea Iraola eta David Cano historialariek (Gure Iragana taldea), D’elikatuzen, 11:00etan. Anakako (Irun) txirulari eta danborrarien bandaren diana (11:00), eta eraso berriaren prestaketa eta goarnizioaren errendizioa Barrena parkean (12:00) egingo dituzte. Plaza Nagusirantz desfilatuta bukatuko da.
1835eko setioaren inguruko zikloa maiatzaren 17an hasiko da, Nerea Iraola eta David Canoren ‘Maribaratza kanoia, Villafrancako sinbolo historikoa’ hitzaldiarekin (19:00, kultur etxean). Hilaren 18an, Zumalakarregi Museoko Mikel Alberdi historialariak ‘C.F. Henningsen: 1835eko Ordiziako setioaren lekuko baten memoria’ hitzaldia egingo du (19:00, Barrena kultur etxean)