'10 urtez eredu bat borobiltzen' jaia egin dute Idiazabalen
Egun osorako egitarau zabala antolatu dute, eta eguerdiko 14:00etan giza-katea egin dute plazatik hasita
Azken 10 urteetan erabakitzeko eskubidearen alde egin duten bidea ospatu dute gaur, Idiazabalen. 10 urtez eredu bat borobiltzen deituriko ekimenean, herritarrak kalera ateratzera animatu ditu Idiazabalgo Gure Esku Dagok, elkarrekin lortutakoa elkarrekin ospatzeko. Ekainaren 10eko giza-katera animatzeko ere dei egin dute, ”elkarrekin, ezina ekinez egina” lelopean.
11:00etan ekin diote egitarauari, Txomenanen umeen txokoa jarriz: esku lanak, aurpegi margoketak, jolasak eta abar antolatu dituzte etxeko txikienentzat. 12:00etan, berriz, herri kirolen erakustaldia egin dute, harri jasotzaileekin, aizkolariekin eta sokatiralariekin. 13:00etatik aurrera dantzan eta kantuan ibili dira plazan, eta Oihana Iguaran bertsolariaren bertsoak entzuteko aukera ere izan dute.
14:00etan, giza-katea osatu dute plazatik hasita. Ondoren, frontoi zaharrean herri bazkaria egin dute, eta kantuan aritzeko zein bertsolariak entzuteko aukera izan dute arratsaldean zehar. 17:30etarako, Jazz dance saioa prestatu dute, eta erromeriarekin amaitutzat emango dute gaurko eguna, 18:00etatik 20:00etara.