Amaitu dira Ordiziako 1835eko setioaren errekreazio historikoaren ekintzak
Eraso berriaren prestaketa eta garnizioaren errendizioaren txanda izan da gaur
Ordiziarrak 1835.urtera begira egon dira asteburu honetan. Karlistek Ordizia hartu zuteneko errekreazio historikoak egin dituzte bi egunetan. Gaurkoan, eraso berriaren prestaketa, Garnizioaren errendizioa antzeztu dituzte, Barrena parkean.
11:00etan jarri dute martxan gaurko egitaraua, 1835ko setioa hitzaldiarekin eta bisita gidatuarekin. Gure Iragana Taldeko Nerea Garmendia eta David Cano hizlariak izan dira D’elikatuz zentroan. Ordu berean, herriaren erdigunean Irungo Anakako txirula eta danborren bandaren diana egin dute.
12:00etan izan da azken antzezpena. Eraso berriaren prestaketa azaldu dute, eta Espartero jeneralaren porrotaren berria erakutsi. Garnizio liberalari laguntza izango ez dutenaren mezua iristen zaion momentua azaldu dute, ofizial preso baten eskutik: honen ondoren errendtitu baitzen. Azkenik, bi bandoen adiskidetasun amaierako ekintza egin dute, Plaza Nagusirantza desfilatuz.