Txillida Lantegi Museoko ateak ireki eta bertan lan egindako emakumeak omendu dituzte Legazpin
Museoen Nazioarteko egunaren harira antolatu dute ekimena. Euskal industriaren historia emakumeen ikuspuntutik erakutsi dute
Txillida paper-fabrikan ate irekien eguna ospatu dute gaur, Legazpin, Museoen Nazioarteko Eguna pasa berri denean (maiatzaren 18an). Lenbur fundazioko Olatz Condek gidatuta, 1805etik 1999ra bitartean martxan egon zen lantegia bisitatzeko eta nola funtzionatzen zuen ezagutzeko aukera izan dute gerturatu direnek. Aurtengoan, ordea, bertan lan egindako emakumeen testigantzak entzuteko aukera izan da, hauei aitortza egiteko eta ahotsa emateko aprobetxatu baitute ekimena.
36ko gerraren harira hasi ziren emakumeak Txillida Lantokian beharrean. Izan ere, bertan lan egiten zuten gizonak frontera joan ziren, eta emakumeek hartu zuten haien tokia lantegian. Franco gailendu zenean ordea, gehienek etxera itzuli behar izan zuten, etxetik kanpo lan egitea gaizki ikusita zegoelako. Paper lantegiko makinak erakutsi dituzte, eta bost errelebotaraino lan egitera iritsi zirela kontatu dute bertako langile izandakoek.
Dibertsifikaziora jo zuten lantegian, papera egiteko lehian atzera geratu zirelako. Eskopetetarako takoak, moketak eta berokietarako fieltroak ere ekoiztu zituzten paperaz gain. Lantegiko sail batetik bestera mugitzen ibili ziren langileak, sail horiek isten joan ziren heinean. Hainbat eta hainbat pieza Mexikora esportatzen zirela kontatu dute.
Duela bi urte bezala, Juan Mari Burguera eskultorearen estudioa eta Ricardo Mediavilla errementariaren tailerra bisitatzeko aukera ere izan dute gaur legazpiarrek. Bigarren honek, pieza bat egiteko prozesua erakutsi du, forjaketa-prozesua nolakoa den erakusteko.
Paper fabrikan lan egin zuten emakumeen ahotsa izan da, beraz, Txillida Lantegi Museoan protagonista. Bertan izan dira lehiakortasunagatik itxi zen egunera arte lanean ibili zirenak ere. Euskal Herriko industriaren historia emakumeen ikuspegitik lantzeko apustua egin dute, gaurkoan, Legazpin.