Madrilgo Auzitegi Nazionalean epaiketa hasi da gaur; asteazkenean jarraituko du. Gaur eta asteazkenean elkarretaratzea egingo dute Beasaingo Bideluze plazan, 19:00etan.
Beasaingo Julen Prado eta Errenteriako Asier Petrirena, Ruben Iglesias, Endika Etura gazteek Madrilgo Auzitegi Nazionalean deklaratu dute gaur. Iazko maiatzaren 11n Iruñean izan zen manifestazioko liskarretan parte hartzea eta “desordena publiko terrorista” eragitea leporatu diete lau gazteei.
Auzipetuek fiskaltzaren eta defentsa abokatuen galderei erantzun diete. Julen Pardo beasaindarrak manifestazioko istiluetan harri bat bota izana aitortu du, baina ukatu egin du egindakoa “terrorismoa” denik. Harria “inertziaz” bota zuela adierazi du, ez zuela izua eragiteko asmorik, ezta inor zautitzeko borondaterik ere.
Petrirenak, Iglesiasek eta Eturak adierazi dute Iruñeko manifestazioan parte hartu zutela, baina ukatu egin dute istiluetan parte hartu zutenik. Gezurtatu egin dute epaiketan froga gisa aurkeztu diren argazkietan agertzen diren gazteak haiek direnik, eta egun horretan soinean bestelako arropak zituztela ziurtatu dute.
Lekuko gisa deklaratu duten poliziaren esanetan, lau auzipetuek istiluetan parte hartu zuten. Horrez gain, laurei leporatu die ATA Amnistia ta Askatasuna taldeko kide izatea.
Gazteen defentsa abokatuek gehiegizkoa jo dute fiskaltzak lau gazteentzat egin duen zigor eskaria. Abokatuen iritziz, bidegabekeria litzateke egun hartako gertakariak “terrorismo” delitu gisa sailkatzea, eta argudiatu dute auzipetuak ez direla inolako “erakunde terroristako” kide. Horrez gain, instrukzio fasean gazte auzipetuen errugabetasun printzipioa urratu dela salatu dute. Nabarmendu dutenez, polizia atestatuak dira gazteen kontrako froga bakarrak. Fiskaltzak 7 urteko kartzela zigorra, 5 urteko zaintzapeko askatasuna, 13 urtean lanerako inhabilitazioa eta 45.000 euro eskatzen ditu lau gazteentzat.
Beste zazpi adingabe ere bazeuden auzipetuta, baina artxibatu egin diete kasua.
Astesteazkenean jarraituko du epaiketak, perituen deklarazioekin.
Elkarretaratzea
Gaur eta asteazkenean elkarretaratzea egingo dute Beasaingo Bideluze plazan, 19:00etan.