Bilore erosi dute, 27.375 euroan
Zaldibiako Bilore xaboi lantegi zaharra eskuratu du erosle batek. Subasta aldia astelehen arratsean bukatu zen, eta eskaintza bakarra jaso du lehiaketa-administradoreak: 27.375 euro. Kopuru horretan saldu dira, azkenean, Bilore lantegiaren 23.215 metro koadroak eta han dauden 18 pabiloian (egoera oso txarrean).
Bilore 2003an itxi zuten, eta harrezkero utzita egon dira instalazioak. Lapurreten ondorioz, pabiloien egiturak asko ahuldu dira, eta zati handi bat erori ere egin zen, 2013an. Bestetik, urteotan kutsadura arazo ugari eta larriak eragin ditu, han pilatuta zeuden hondakin kimikoak Amundarain errekara isuri zirenean. 2009an eta 2010ean, adibidez, arrain asko akabatu zituen.
Eroslearen nortasunik ez da ezagutzera eman. Zaldibiako hirigintza planeamendu arauetan tertziario misto izendapena du Biloreren orubeak. Industriarako eta etxebizitzak eraikitzeko erabil liteke. Zaldibian aspaldiko eskaera izan da Biloreren egoerari irtenbide bat ematea. Udalak poza adierazi dute, azkenean erosle baten esku geratu delako.
Aurrez, ordea, deskontaminatzen eta garbitzen lan handia dago. Lurraren kutsadura tratatu behar da —gai kimiko ugari eta amiantoa daude, besteak beste—, eta eraikin zaharren eraisketa eta garbiketa dago bestetik.
Bilore 1897an sortu zuen Jose Aranak, Ordiziak. 1947an haren bi alabek hartu zuten buruzagitza. 1962an aldatu zuten lantegia Zaldibiara. 2000. urtera arte eutsi zion xaboia merkaturatzeko negozioari, eta 2001ean zorrekin bukatu zuen. 2002an kaleratzeak, protestak eta zuzendaritzan aldaketak izan ziren, baita ordainketa-etena eta enplegu erregulazio espedientea ere. 2003an itxi zuten, erabat. Lucenan (Kordoba, Espainia) eta Haubourdin-en (Frantzia) beste bi lantegi ere bazituen Bilorek. Xaboi markak merkatuan segitzen du, hala ere, 2011n enpresa bizkaitar batek erosi baitzituen Bilore eta Mini2 marka komertzialak.