Maite Maiora iaz, Sancti Spiritun gora, zaleen artetik pasatzen // Argazkiak: Jordi Saragossa
Iazko Zegama-Aizkorri mendi maratoia aurrenekoz irabazteaz gain, probaren errekorra jarri zuen Maiorak (Mendaro, 1980). Podiumean izatea jarri du aurten helburutzat.
Eguna gerturatzen ari den heinean urduritasunik sentitzen al da?
Egia da aurten inoiz baina lasaiago aurkitzen naizela, eta urduritasuna beharbada horregatik nabari dudala, lasai antzera nagoelako. Eguna gainean izanda, arduratzekoa den ala ez zalantzak ditut, baina momentuz trankil nago.
Aurretik egin litezkeen lan guztiak eginda zaude beraz?
Bai, amaiera aldera, eta gehienbat azken asteetan, hobetzeko baino okertzeko balio dezake egiten den esfortzuak. Duela bi aste hitzordu garrantzitsu bat izan nuen, Munduko Txapelketak izan genituelako, eta ordutik hona deskantsatzea izan da nire lanik handiena. Azken fase honetan lesiorik ez izatea da garrantzizkoena.
Zegama-Aizkorri bezalako proba bat prestatzerakoan zenbaterainoko garrantzia hartzen du atseden egiteak?
Behin hamabost bat egun falta direla data garrantzitsuetarako indar gehiago du atseden egiteak, entrenamenduak baino.
Duela bi aste, Espainiako selekzioarekin urrezko domina irabazita zatoz, eta bakarka bosgarren postua lortuta Munduko Txapelketan.
Egia esan sentsazio gazi-gozoekin iristen naiz. Mundialean bosgarren egin arren, ez du zer ikusirik Zegama-Aizkorri bezalako lasterketa batekin, ibilbideari dagokionean behintzat. Sentsazioak ez ziren txarrak izan, nahiz eta ibilbidea niretzat ez zen aproposena.
Motibazio handiarekin nator Zegamara, urrezko domina irabazita eta maila onean iristen naizela kontuan hartuta. Aurkariei lanak zailtzeko moduan nagoela uste dut.
Maiora iaz, helmugan // Jordi Saragossa
«Ilusio askorekin nator, eta lasterketa on bat eginez gozatu nahi dut aurtengoan»
«Listoia altu jartzen dugu eta podiuma zapaldu nahi nuke. Badakit oso zaila izango dela hori»
Zerk egiten du Zegama-Aizkorri berezi?
Nik uste dut osotasunak ematen diola lasterketari duen izen ona. Guztia du alde, ibilbidetik hasi eta antolakuntza zein bertaratzen diren zaleetara arte.
Ekitaldi guztia da berezia, ez da munduan beste lasterketarik horrenbeste jende gerturatzen duenik ibilbide osora. Ez da erraza azaltzen zerk egiten duen berezi, baina barrutik bizi behar den zerbait da lasterketa benetan sentitzeko.
Iaz bi probetan izan zinen protagonista.
Bai, bertikalean bigarren gelditu nintzen, baina egindako lasterketa eta denborarekin oso gustura gelditu nintzen. Ondoren, maratoian, zer esanik ez!
Aurtengoari begira, kilometro bertikalean parte hartzen ez badut, ez da izango maratoirako indarrak gordetzeagatik, entrenatu ez dudalako baizik.
Kirol arlotik begiratuta ez du zentzurik ultra bat egin, hamabost egunera kilometro bertikala prestatu gabe bat gauzatu eta bi egunera maratoian lehiatzen aritzeak.
Aurkariei begiratzeko tarterik hartzen al duzu aurrez, edo nahiago duzu egunean bertan jakin?
Ez dut begiratzeko ohiturarik, eta are gutxiago maila honetako lasterketa bat denean. Azken batean eguna iristean korrikalari ugari biltzen gara lasterketa aurretik, ezagunak zein ezezagunak.
Irteeran albora begiratuta jakitea posible da, nor eta zein egoeretan iristen diren aurkariak, baina ez diot garrantzi handiegirik ematen horri.
Zer egin nahiko zenuke 2018ko Zegama-Aizkorri mendi maratoian?
Listoia altu jartzea gustatzen zaigu beti, eta beraz podiuma zapaldu nahi nuke. Badakit oso zaila izango dela hori, ondorioz lasterketa on bat egitearekin nahikoa izango nuke. Iaz apur bat itsutuago nengoen garaipenarekin; aurten berriz gozatu egin nahi dut.
Noski irabaztea gustatuko litzaidakeela, baina zaila denez, dena eman dudanaren sentsazioarekin amaitzea gustatuko litzaidake.
Kirolari batek zenbateraino gozatzen du honelako probatera aurkeztean?
Norberak jakin behar du nola iristen den proba bakoitzera, zein egoeretan dagoen eta bere gorputza noraino heldu daitekeen. Errealitatea irakurtzen jakin behar dugu mendi korrikalariok, eta niretzat aurtengoa ilusioz betetako lasterketa izango da. Zegama-Aizkorri on bat eginez gozatzea da nik aurtengo udan helburua.