Carlos Moran: «Zegama-Aizkorri lasterketako zalegoa ez dut beste inon aurkitu»
Carlos Moranek (Zamora, 1960) 10 aldiz egin du Zegama-Aizkorri lasterketa. Zegamarren artean, inork ez du gehiagotan egin. Aurten, ordea, lesio bat dela medio, ez du parte hartzerik izango.
Betidanik al zara kirolzalea?
13 urtetik 18 urtera bizikletan ibili nintzen. Gero utzi egin nuen eta guztiz kontrakoa egiten hasi nintzen: parranda.
Noiz itzuli zinen kirol mundura?
47 urterekin Zegama-Aizkorri maratoia egitea erabaki nuen. Gustatu egin zitzaidan eta mendiko lasterketa gehiago egitea erabaki nuen.
Zergatik erabaki zenuen Zegama-Aizkorri egitea?
Boluntario lana egiten nuen, anoa-postuetan, eta nirekin bizikletan ibilitako jendea lasterketan parte hartzen ikusten nuen. «Horiek bezain ondo egingo nuke ba…», pentsatzen nuen. Baina garai hartan 50 zigarro erretzen nituen egunero eta kolesterola topera nuen. 88 kilo pisatzen nituen. Egun, berriz, 64.
Zenbat aldiz parte hartu duzu Zegama-Aizkorri lasterketan?
Hamar aldiz bukatu dut. Behin bakarrik erretiratu naiz: duela bi urte. Nire marka onena, berriz, iaz egin nuen:?lau ordu eta 53 minutu. Beti bost ordutik jaisteko borrokatu dut eta lortuko ez nuela uste nuenean, lortu egin nuen.
Lasterketa askotan parte hartzen al duzu?
Iaz bai. Urtea lasai hartzeko asmoa nuen, baina… Nire emaztea lagunik onena eta etsairik handiena dut:?lasterketa guztietan nire izena ematen du! ‘Hau etxe ondoan da, beste hau ere bai…’, eta Italian bukatzen dugu! Basque Ultra Trail Seriesen ere parte hartu nuen: 500 kilometro lau etapatan. Italiako Tor des Geants proban ere nire izena eman zuen. Ez nuen egitea pentsatzen, baina dortsala lortzea zaila da eta Javi Dominguez eta Imanol Aleson ere bazihoazenez…
58 urte dituzu eta urtero ultra trail askotan parte hartzen duzu. Zein da zure sekretua?
Asko entrenatuz gero, gorputza ohitu egiten da. Nire emazteak Donibane Lohitzuneko kanpinera joan nahi duela lagun bat bisitatzera? Ba bera autoan joaten da eta ni korrika. Sekula ez dut lesiorik eduki.
Zenbat kilometro egiten dituzu astean?
Iaz astero sei egun entrenatu nuen. 1.000-1.200 kilometro egiten ditut hilero. Iaz 7.000-8.000 kilometro egin nituen.
Zegama-Aizkorri al da zure lasterketa kuttuna? Bai, noski. Urte askotan begitan hartuta izan dut, bost ordutik jaistea lortzen ez nuelako, baina nire proba kuttuna da. Beste lasterketa batzuetako paisaiak ikusgarriagoak dira, baina Zegama-Aizkorri lasterketako zalegoa ez dut beste inon aurkitu. Munduko maratoi guztietako zaletuak elkartuz gero, Zegama-Aizkorrin elkartzen den zale kopuruaren erdira ere ez zara iristen. Sinesgaitza da. Munduko beste lasterketa batzuetan helmugan bakarrik elkartzen da jendea. Zein da arrakastaren gakoa? Hasieratik gauzak oso ondo egin dira eta munduko onenak etortzen dira. Horri Euskal Herrian, eta bereziki Goierrin, dagoen zaletasuna gehitzen badiogu… Korrika egiterik ez duzunez, laguntzeko asmoa al duzu? Noski. Boluntario guztiak ongi etorriak dira. Duela bi urte korrikalariek oso gaizki pasa zuten eguraldi txarragatik, eta boluntarioengatik izan ez balitz… Euskal Herritik kanpoko lasterketetan ere parte hartzen duzu. Zer esaten dizute Zegamakoa zarela esaten duzunean? Zegama-Aizkorriri lasterketa ikusezina deitzen diote. ‘Zegamakoa al zara? Herri hori eta lasterketa hori existitzen al dira? Hamar urte daramatzat lasterketan parte hartu nahian eta oraindik ez dut lortu’, esaten didate. Zegamako kiroldegiko bazkideen artean dortsalak zozkatzen dituzte eta kanpotar batzuek bazkide egitea erabaki dute. Zoramena da. Batzuk edozer gauza egiteko prest daude parte hartu ahal izateko. Lehenengoz parte hartuko dutenei zer aholku emango zenieke? Irteeran tentuz ibil daitezela. Lasai irten daitezela. Niri denek pasatzen didate, zaleen animoekin hazi egiten direlako, baina helmugara horietako asko baino lehenago heltzen naiz. Luzaroan jarraituko al duzu korrika egiten? Bai. Emaztearen laguntza dut eta lasterketei esker toki zoragarriak ezagutzen ditugu. Iaz, hamabost egunean behin oporretan egon ginen.«Lortuko ez nuela uste nuenean, bost ordutik jaistea lortu nuen; iaz izan zen»
«Batzuk edozer gauza egiteko prest daude Zegaman parte hartu ahal izateko»