Goierriko Gorriko infantilak, txapeldun eta txapeldunorde
Goierri Gorri futbol taldeko infantil mailako neskek bukatu dute denboraldia. Hiru talde aritu dira lehian eta denboraldi “bikaina” burutu dute. Goierri Gorriren esanetan, “denboraldi oso positiboa izan dela esan daiteke, hiru taldeek sentsazio onak utzi baitituzte. Lehen fasearen amaieran, parte hartutako hiru taldeetako biek txapeldunen fasean jokatzeko txartela lortu zuten, hirugarrenak, aldiz, gutxigatik ez zuen lortu eta kopa jokatzeko sailkatu zen”.
Goierri Gorri B Koparako sailkatu zen, kopan multzoko txapeldun geratu eta finalerdietara pasatzea lortu zuen. Bertan, Hernaniren aurka jokatu eta irabazi zuen Zubipen finala jokatzeko aukera lortuz. Azkoitian jokatu zen finalean ez zuten irabaztea lortu Bergararen aurka, nahiz eta oso partida ona jokatu Gipuzkoako Kopako txapeldunorde geratu ziren.
Goierri Gorri A-k txapeldunen fasean ez zuen zorte onik izan lesio eta beste hainbat ezbehar direla eta partida baten baino gehiagotan arazoak izan zituzten beharrezkoak diren 8 jokalariak batzeko. Hala ere, garaipen garrantzitsuak lortu zituzten denboraldia klasifikazioaren erdialdean amaitzeko.
Goierri Gorri C-ri buruz “aipamen berezia” egin dute: “Oso erraz gainditu zuen txapeldunen faseko lehen ligaxka, aurkari guztiei gol kopuru handiarengatik irabaziz. Finalerdietan gauzak berdin jarraitu zuen, Añorga izan zuten aurkari eta bertan 2 eta 0 gailendu ziren donostiarrei. Txapeldunen faseko finala, Kopako finala bezala Azkoitian jokatu zen giro zoragarri batekin. Mutriku izan zen finala jokatzeko txartela lortu zuen beste taldea, baina finalean ere gorriak gehiago izan ziren eta 4 eta 1 irabazi zieten mutrikuarrei kolore gorriz beteriko partida eta giro ikusgarri batean, Txapeldunen faseko txapeldun geratuz”.