Laura Orgué kataluniarra iaz, Zegamako Kilometro Bertikalean // Argazkia: Igor Quijano
Kilometro Bertikalean onena izan zen iaz kataluniarra (Bartzelona, 1988). Aurten distantzia luzeagoetan lehiatzea du helburu, eta 2018ko Zegama-Aizkorri mendi maratoia izango du lehen froga luzea.
Ez da lehen aldia aurtengoa Zegama-Aizkorrin parte hartuko duzuna ezta?
Ez, aurrez Kilometro Bertikalean parte hartua naiz, baina orain aldatu eta lehen aldiz lehiatuko dut maratoian.Lasterketa guztiz berria bezala izango da ondorioz niretzat, bitan atera bainaiz bertikalean, baina antzekotasunik ez du aurten espero dudanarekin alderatuz.
Zerikusirik ez du orduan aurreko urteetan egin duzunak aurten aurkituko duzunarekin.
Errespetu asko diodan lasterketa da Zegama-Aizkorri maratoia. Ohituta nagoen distantzia baino luzeagoa du lasterketak, bizitzan bitan soilik atera bainaiz mendi maratoietan. Egia da aurtengo entrenamenduak horrelako distantzietara bideratu ditudala, lasterketa luzeagoetara alegia, baina berria da niretzat.
Maratoi bat baino gehiago egiteko asmoa dut aurten, baina Zegama-Aizkorri lehen froga izango da.
Zuretzat lehen saiakera da beraz bi alderditatik begiratuta; lasterketa bera zein distantzia.
Hala da bai, azken entrenamenduak hona etortzeko bideratu baditut ere, lehiatzen kilometro bertikaletan eta maratoi erdiko distantzietan aritu naiz.
Denboraldi hasiera ona izan dut, baina badakit hau desberdina dela. Maila handiko korrikalariak etortzeaz gain, nire indarrak ere kontrolpean izan beharko ditut, horregatik ere bada erakargarria. Lasterketaren aurretik ia ezinezkoa izango da nola joango den aurreikustea.
Zu nola aurkitzen zara? Nolako gorputzaldirekin zatoz?
Orain arte egindako lanekin gustura nago, baina esan bezala oraingoa aurretiko lehiekin parekatuta bikoitza da. Orain arteko emaitzak ez direla aintzat hartu behar uste dut, ez baitu zerikusirik hiru orduz egin beharrreko esfortzu batek, bost ordura luzatuko den batekin.
Iazkoarekin alderatuta guztiz desberdina izango bada ere, oroitzapen onak izango dituzu, ezta? Kilometro Bertikalean garaipena eskuratu baitzenuen.
Bai, oso ondo gogoratzen naiz iazko bertikalaz! Duela urtebete inguru lesio bolada batetik atera berri nintzen eta lehiaketetara itzultzearekin batera lasterketa oso ona atera zitzaidan. Lehia gogorra izan nuen Maite Maiorarekin, eta nik irabazi banuen ere, denbora bikainak egin genituen biok. Norbaiten zein zure buruaren aurkako borroka horretan zure onena ateratzen duzunean, saria bikoitza da.
«Bertikalean bitan atera banaiz ere,
maratoia guztiz berria da niretzat»
«Ibilbideko zati batzuetan zaleek ia
bultza ere egin dutela esan didate»»
Kanpoko jende asko gerturatzen da Zegamara egun hauetan. Ibilbideaz harago, ba al du zerbait berezia?
Noski! Nik maratoiko ibilbidea ezagutu ere ez dut egiten, baina gehienbat bertako giroa nabarmenduko nuke. Esan didatenaren arabera ibilbideko zati batzuetan zaleek ia bultza ere egiten dute. Beraz, inguruaz gain, herrian bertan lasterketa nola bizi den zoragarria da. Mendi korrikalariok ibilbidearen zati handiena bakarrik egiten ohituta gaude eta lasterketa batzuetan zaleak badaude ere, ez da ohikoena. Hemen hori ere berezia da, fama oso ona du.
Aurkari nortzuk izango diren begiratu al duzu?
Niri neure buruarekin lehiatzea gustatzen zait lehenik eta behin. Unean uneko gorputzaldiari errendimendurik onena ateratzea izaten dut helburu, eta aurrez entrenamenduetan ikusi dudana eta hobetu dudana aplikatu. Argi dagoena da, behin lasterketan izena emanda, gure buruarekin lehiatzeaz gain gainontzeko parte hartzaileekin ere borrokatzen dugula. Ez naiz begira aritzen den horietakoa, baina batekin eta bestearekin hitz eginez, oharkabean badakigu gutxi asko nor etorriko garen.
Lasterketa irabazteko faboritoren baten izena aurreratzen ausartzen al zara?
Ez, denboraldi hasiera da gainera, eta honelako probetan, lehena askorentzat. Horrek bereziago ere egiten du maratoia, elkarren aurka lehenengoz hemen lehiatuko garelako asko.
Eguraldiak eragina izan ohi du lasterketan zehar ezta?
Noski. Aurrez lokatza izatea ohikoa da, baina egunean bertan euria ari badu proba asko gogortuko da eta aintzat hartzeko faktore garrantzitsua izango da gainera. Badira urteak hotzez korrikalari asko gelditu eta laguntza jaso behar izan dutenak, beraz norberak atera beharko dio horri zukua.
Aurreko urteekin alderatuz, esperientzia gogorragoa espero al duzu?
Esfortzua desberdina den unetik, esperientzia bera ere aldatzen da. Norberak bere ezaugarriak ditu eta probara egokitzea da garrantzitsuena.Bada jendea esaterako, kilometro bertikala bezalako lan motz baina intentsitate handikoetara gaizki moldatzen dena; eta alderantziz ere bai, denborari dagokionez esfortzu labur eta muturrekoak ondo gauzatzen dituztenak ere badira. Ni azken honetara ohitua nago eta maratoia gogorragoa egingo zaidala uste dut.