«Bertso zaharren egarria badago, lehengo ohitura urritu bada ere»
Zabalkunde handia izan du Eñaut Agirre (Hernani, 1977) bertso zaharrak kantatzen ari den bideo batek, sare sozialetan. Afizioa du biltzeko, eta gaur Gabirian ariko da, Unai anaiarekin. Lazkaomendin bizi da.Bertso zaharren gaurko saioa nolakoa pentsatu...
Zabalkunde handia izan du Eñaut Agirre (Hernani, 1977) bertso zaharrak kantatzen ari den bideo batek, sare sozialetan. Afizioa du biltzeko, eta gaur Gabirian ariko da, Unai anaiarekin. Lazkaomendin bizi da.
Bertso zaharren gaurko saioa nolakoa pentsatu duzue?Unai eta biok ariko gara. Orain artekoetan ere hala egin dugu. Ez dugu askotan egin modu honetan, behintzat; iaz hasi ginen. Zaldibian bi urtean segidan egin dugu, lagun batek eskatuta, haren baserrian festa erdi-pribatu batean, jende dezenterekin.
Festa horretakoak izango dira sare sozialetako bideoak?
Bai, horkoak dira bai [barreak].
Ahots hutsez, a capella aritzen zarete, ala tresnaren batekin?
A capella, eta modu informalean. Ideia hori baita. Nahita egindako aukera bat da: bertso zaharrak eskatzen dizkigutenez, a capella interesgarria da, bere soiltasunean grazia baitauka. Horri eman nahi diogu balioa.
Doinuak ere zaharrak erabiltzen dituzue?
Zaharren bila baino gehiago, kuriosoen bila ibiltzen gara. Azterketarik ez dugu egin, intuizioz egiten dugu doinu aukeraketa. Bertso zaharrak kantatzea beti gustatu izan zaigu; ez guri bakarrik, bertso eskoletan eta bertso munduan orokorra da. Doinuak elkarri proposatzen dizkiogu: kuriosoenak iruditutakoak, gastatu gabeak, lehen asko baina orain gutxixeago erabiltzen direnak… hartu ohi ditugu.
Bertso zaharren harrobi aberatsa dago. Zuek zein iturritatik jasotzen dituzue?
Anaia eta biok formatu honetan asko ibiltzen ez bagara ere, lehenago gauzak egin ditugu. Neronek, bertsolari zaharren baten omenaldi-urtea zelako edo, enkarguz landu izan ditut emanaldi bat baino gehiago, eta informazioa aterata badugu. Pedro Mari Otañoren urteurrenean prestatu nuen, hurrena Fernando Amezketarrarenean, eta Txirritarenean gero. Unaik ere, Irazurekin batera, Pello Errota eta Txirrita gaur eguneratua egin zuen beste emanaldi bat. Hor material bat badugu.
Zer beste baliabide daude?
Liburu asko irakurtzen ditugu, eta bertso zahar gehienak liburuetatik atera ditugu. Hauspoako sail osoa hor dago, edozeinen eskura. Zoragarria da, altxor bat da hori. Hor dago dena, eta hortik aterea da dena. Guk gauza gutxi sortu dugu.
Jendeak bertso zaharren egarririk ba al du?
Eskaria izan duelako egin ditugu guk saioak. Guk ez dugu hau eskaini, eskatu egin digute. Orduan, ikusten dut hor badagoela egarri bat. Egia da urte batzuetan ohitura pixkanaka galtzen joan dela. Lehenago oso normala zen kalean etengabe kantatzea, tartean bertsoak zirela. Gaur egun ez zaigu hala iruditzen, baina giro hori bazegoen. Beti-betikoa izan da kantatzeko ohitura, besteak beste jendeak irakurtzen eta idazten ez zekien garaian, informazioa halaxe pasatzen zelako batetik bestera. Modu formalagoan edo informalagoan, beti kantatu da. Baina ohitura galtzen ari da. Gaur egun, ez naiz harritzen jendeak bertso zaharren irrika edukitzea, ez ditugu kantatzen eta.
Buruz hartzen dituzue bertso guztiak, paperik gabe?
Bai. Ari eta ari lortzen da, ez dago sekreturik. Errepikatzea eta errepikatzea da kontua. Hori egiteko gai edozein da, ez pentsa. Pertsonak beti izan du dohain hori ere, gauzak buruan hartzekoa. Orain paperari lotuak gaude gehiago, eta segurtasun gabezia dugu buruz aritzeko. Baina buru guztiak daude programatuta.
Asko entseatu beharko duzue Unaik eta biok etxean, ala?
Bai, etxean aritzen gara. Batzuetan, elkarrekin bi bozetan kantatzen dugu. Saioetarako zerrenda bat egina daukagu, kanta litezkeen aukerekin; hortik erabakitzen dugu zein kantatu, zeinek zein. Bertso batzuk memorizatuta dauzkagu, beste batzuk erdi memorian.
Bertsoen kontestua azaltzea ere beharrezkoa da sarri, ala?
Bai. Esplikazioa behar dutenetan, ematen dugu azalpena. Bestela atenporalak edo oso galduta gelditzen dira; askotan, garai bateko bertsoak gaur egunean ez luke joko. Gabiriako saiorako, adibidez, saiatu gara inguruko bertso batzuk bilatzen. Zahar-zaharrik ez dugu aurkitu, baina berrixeagoak bai. Horien esplikazioa emango dugu.
Zer kantatuko duzue bestela?
Aipatutako bertsolariak, eta gehiago ere sartuko ditugu. Ezagunak direnak baina agian ez entzunegiak. Unaik bertso sail berriak ere baditu, berak egindakoak, eta kantatuko ditu. Klasiko samarrak, jendeari ezagun egingo zaizkionak ere bai. Ezezagunak ere izango dira, seguru. Ingurukoa mimatu nahi izan dugu, eta horko bilketa bat ere egin dugu.













